Egungo egoera ekonomikoan LHK eta EGABek beren gain hartu duten egitekoa salatu du ELAk

2011/06/01
Gaur arratsaldean izan da legealdiko lehen bilera ELAren eta Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren artean. Sindikatuak eskatutako bileran, ELAren izenean Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusia eta arlo sozialeko zein negoziazio kolektiboko arduradunak izan dira, Mikel Noval eta Ioseba Villlarreal, hurrenez-hurren.

Bilera eskatzeko arrazoia Jaurlaritzak egin dituen Lan Harremanen  Kontseilua eta Ekonomi eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen lege-aurreproiektuak izan dira. Jakina denez, ELAk erakunde bietako parte hartzea etenda dauka.

 ·         ELAren iritziz, lege aldaketen xedea LHKk eta EGABek babesa ematea da Lopezen gobernuak gizarte eta lan gaietan dituen politikei. Bestalde, beto kontzeptua manipulatu egiten dute (betorik ez dago arau demokratikoak aintzat hartzekotan), gutxiengo sindikalaren mesedetan. Jaurlaritzak eta patronalak minoria sindikalari ez dagokiona eman nahi diote, honek bete dezan leporatu nahi dioten egitekoa, Estatuan eta Nafarroan bezalaxe.

·         Sailburuari gure iritzia azaldu diogu LHKk eta EGABek egungo egoera ekonomikoan beren gain hartu duten egitekoari buruz. EGABek prestazio publikoetan murrizketak egitea justifikatzen du eta diru-sarrera publikoak kopagoaz osatu behar direla dio (EGABentzat politika fiskalik ez dago); LHKk, berriz, patronalaren nahiak asetzen ditu, esanez hitzarmen kolektiboak etengabe moldatzeko modukoa izan behar duela, “egoeraren arabera”. ELAk ondorioztatzen du organo horietan parte hartzeak onarpen bat ezartzen diela  bere kideei: patronalari edo gobernuari traba egin diezaiokeen ezer ezin da esan, ez egin.

 ELAk Sailburuari jakinarazi nahi izan dio zer irizten dion bere gobernuaren politikari,  krisi hau kudeatzeari dagokionez:

·         Jaurlaritzak, bere eskumenekin, Espainiako gobernuaren arrastoari jarraitzen dio murrizketak ezartzerakoan, eta are gogorragoa da gizarte-laguntzak gutxitzen. Bere erabakiak patronalaren eskariekin bat datoz (aurrekontuak, murrizketak, fiskalitatea...). Halaber, Jaurlaritzak Estatuarekin krisi ekonomikoaren eraginei aurre egiterakoan ekinbide politiko zein ekonomikoa zeharo mugatzen duten akordioak iristen ditu (defizit eta zorrarentzako mugak...).

ELAren ordezkariek nabarmendu dute, gainera, EAEko gobernuak daraman politikaren helburu bat Estatu baitako politikak uniformatzea dela (enplegu-politika aktiboen transferentzia), berton arautzeko esparruak kendu eta bide batez Estatuan erabateko porrota izan duten politikak ezartzen direla.

·         Jaurlaritzaren jarrera horrek oreka guztiak deuseztatzen ditu eta patronalari lizentzia ematen dio komeni zaion guztia lortzeko: hitzarmenak ez dira betetzen, lege-iruzurrari ez zaie jazartzen, fiskalitate injustua ez da aldatzen, diru publikoa enpresaburuei ematen zaie... Azkenik, ELAko ordezkariek Sailburuari esan diote patronalak lan-baldintzei eraso egiten diela, kokapen pribilegiatua duela jakinik.

ELAk Sailburuari azaldu dio ez duela lasterbide antidemokratikorik onartzen; euskal langileen borondatearekiko errespetu demokratikoa eskatzen du. Jaurlaritzak bermatu egin behar dio antolakunde bakoitzari aintzat hartuko duela bere ordezkaritza erabiltzeari buruz hartzen duen erabakia, eta erabaki horrek izan ditzakeen ondorioak ez direla manipulatuko.