Egungo politikek miseria areagotzen dutela salatzen du ELAk
Gainera, langabezian dauden pertsonen egoera oso larria da, langabeen %45,1ak ez baitu inolako langabezi saririk jasotzen. Langabeen %34,9ak soilik jasotzen du kotizaziopeko prestazioa (subsidioa baino zenbateko altuagokoa). Langabeziarik jasotzen ez duten pertsonen portzentaia 3,4 puntu gehitu da urte betean, eta kotizaziopeko prestazioa jasotzen dutenena 1,6 puntu jaitsi da.
Era honetara, langabezia tasa %16,8an kokatzen da Hego Euskal Herrian, 27-EBko batezbesteko %10,7tik oso urruti. Izan ere, Grezia (%25,4) eta espainiar Estatuak (%26,2) soilik dute langabezi tasa altuagoa. Gainera, hemengo langabezi tasaren bilakaera askoz okerragoa da, 2,9 puntu igo baita urte betean, 27-EBko 0,8 puntuen aldean. Alderaketa honek, murrizketa politikek eta etengabeko lan erreformek, konparatiboki, egoera are gehiago okertzen dutela usten du agerian.
Datu hauen larritasuna ikusi arren, erakunde ezberdinetatik murrizketa eta erreforma ezberdinak iragartzen jarraitzen dute, langabezia, gizarte babesik eza, eta miseria areagotuko dutenak. Noraino eraman nahi gaituzte beharrizan gehien dutenei kendu eta lobbie handiak defendatzen dituztenak mesedetzen duten politika hauekin? ELAk argi dauka politika hondatzaile hauekin bukatu behar dela, eta badela guztiz alderantzizkoak diren politikak aplikatzeko garaia, gizartearen presio eta mobilizazioarekin bakarrik helduko direnak.