Egunkariaren aurkako auzia artxibatzea eskatu du ELAk

2009/07/30
Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkariaren aurka irekita dagoen auzia artxibatzeari uko egin dio; hau ELAren ustez erabaki politiko onartezina da.

Ebazpen hau epaileen bidegabekeria katean azken alea da; izan ere, Egunkariaren kasuan ez baita izan taxuzko estatu demokratiko bateko auzibideetan ohiko den zorroztasunik, ez bermerik ere.

ELAk argi ikusten du kolpe honen jatorria PPk eta PSOEk sinatu zuten “Askatasunen aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna” dela, oraindik ere indarrean dagoena. Itun hura, buru ugari dituen hidra gisa, Euskal Herrirako salbuespenezko hainbat erabaki hartzeko oinarria izan da, estatu-arrazoiaren nahierara. Oinarrizko askatasunak murrizteko erasoa bultza du, eta Egunkaria kasua dugu horren adibide argia. Gainera, Itun haren itzalean, polizia-indarren inpunitatea ere ziurtatu dute: horrela artxibatu ziren Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik jarritako tratu txar eta tortura salaketak. Azkenik, begibistakoa da estatu-arrazoia nola edo hala ezartzea txalotzen dutenek euskararen unibertsoa terrorismoarekin lotu nahi dutela.

Erabaki honekin gure herriaren historian beste orrialde mingarri bat idatzi dute. Horregatik, ELAk auzipetuekiko eta Euskaldunon Egunkaria sortu zuen proiektuarekin zerikusia duten guztiekiko elkartasuna adierazi nahi du.