EH Bilduk sinatutako kaleratze kolektiboen inguruko akordioak ez du funtsezko aldaketarik ekarriko
EH Bilduk kaleratze kolektiboetan Lan Ikuskaritzak derrigorrez txostena egitea adostu du Espainiako Gobernuarekin. Orain arte txosten horiek borondatezkoak ziren. Egun kasu askotan Ikuskaritzak txostenak egin ohi ditu eta derrigorrez egiteak ez du sakoneko aldaketarik ekarriko.
2012ko lan erreformaren bitartez kaleratzeak erraztu egin ziren. Kaleratze Kolektiboen kasuan funtsezko bi elementu aldatu zituzten:
• Batetik, enpresariek aldebakarrez kaleratzeak egiteko aukera eskuratu zuten, aurretik Lan Agintaritzaren oniritzia beharrik gabe. Horrek indarrean jarraituko du orain ere, eta enpresarien erabakien aurrean, erabaki horiek aldatzeko modu bakarra epaitegien aurreko helegiteak aurkeztea eta langileak mobilizatzea izango da.
• Bestetik, kaleratzeko arrazoiak asko zabaldu ziren, egoera ekonomiko ona duten enpresetan ere kaleratzeak posible eginez. Horrek ere indarrean jarraituko du.
2012tik aurrera Ikuskaritzak txostenak egin dituenean kasu gehienetan ez ditu sakoneko egoerak aztertu, eta ondorioz, ez dute balio izan epaileen erabakiak baldintzatzeko.
ELAren ustez, ezin da garaipentzat ulertu erabaki hau. Ikuskariak ez dira langileen aldekoagoak epaileak baino, eta beren parte-hartzeak ez du berme gehigarririk suposatzen. Azken hilabeteetan ELAk ikusi ahal izan du epaitegiek babes handiagoa eman dietela langileei ikuskaritzak baino. Novaltia edo Vulcanizados Zuloaga enpresetan, adibidez, greba luzeetan grebalarien eskubideak urratu dira, eta ikuskaritzak ezer egin duenean (edo enpresei arrazoi eman dienean), epaitegietan hainbat epai irabazi ditu ELAk, enpresak kalteordain oso handiak ordaintzera kondenatuta. Gainera, ikuskari kopurua handitu ezean, Ikuskaritzak ez du baliabiderik 15 eguneko epean ganorazko txostenak egiteko.
CEOEren erreakzio ultraeskuindarrak ez du on bihurtzen langileentzat aldaketarik ez dakarren erabakia. ELAk Espainiako Gobernuari hitza betetzea exijitzen jarraitzen du, hau da, 2012ko lan erreforma bere osotasunean bertan behera utz dezala eta kaleratzeen kasuan egoera ekonomiko ona duten enpresetan kaleratzeak egitea debekatu dezala.