EH Bilduren abstentzioak aukera eman dio EAJri Funtzio Publikoan euskararen diskriminazioa betikotzeko
Azken 40 urteetan indarrean izan den funtzio publikoko legediak euskara alorrean oinarri bat izan du: gaztelania da exijentzia orokortua duen hizkuntza bakarra; eta euskara soilik salbuespenez eska daiteke. Ondorioz, bakarrik gaztelaniazko funtzionamendua dago normalizatua eta herritar euskadunek hainbat traba gainditu behar dituzte beren hautazko hizkuntzan artatuak izateko eta, hala ere, sarritan ez da euskarazko zerbitzua eskaintzen. Beraz, herritar eta langile euskaldunak diskriminatuak dira.
Bada, EH-Bilduren abstentzioak EAJren nahia ahalbidetu du: funtzio publikoan euskararen egungo egiturazko egoera diskriminatzailea iraunaratzea hain zuzen. Gainera, epai euskarafoboei aurre egiteko proposamen tekniko ahulena onartu du Eusko Legebiltzarrak, epai askoren muinean dauden argudioei ez baitie aurre egiten. Esaterako, hainbat epaik ez du derrigortasun indizea hartu oinarri gisa, zuzenean jaso dute ezin dela euskararik exijitu Espainiako Konstituzioaren interpretazio zuzena eginez. Hori dela eta, EAJk derrigorrez bete beharreko indizea kentzeko egindako proposamenak ez du segurtasun juridikorik eskaintzen. Emaitza honetarako, 2024ko administrazioetako euskararen normalizaziorako dekretua aldatzea nahikoa zen.
Administrazioen euskalduntzean aukera estrategiko bat galtzen utzi du Eusko Legebiltzarrak. Milaka langile publiko erretiroa hartzen ari da eta hauen erreleboan euskara erdigunean kokatzen ez bada, datozen hamarkadetan langile eta herritar euskaldunen diskriminazioa mantenduko da. Langile erdaldun elebakarrei laguntza egokiak eta arrazoizko epeak eskainita, hauek euskaldundu eta urte gutxiren buruan euskararen eta gaztelaniaren estatusa parekatzeko aukera dago, baina Eusko Legebiltarraren erabakiak beste hainbat urtez parekatze hau ezinezkoa egin du.
ELAren iritziz alderdi politiko eta sindikatu euskarafoboek beren helburu nagusia bete dute beste behin: gaztelaniaren nagusitasun inposatua mantenduko da, gaztelania izango da erabilera orokorreko hizkuntza bakarra eta euskara menpeko hizkuntza izango da aurrerantzean ere. Oldarraldi euskarafoboak administrazioetan ez du soilik hizkuntza eskakizunak murriztea bilatzen, eragile euskarafoboek gaztelaniaren nagusitasuna mantentzeko baldintza politikoak bilatzen dituzte eta helburu hori lortu dute.
ELAk administrazioz administrazio jarraituko du bi hizkuntza ofizialak parekatzeko eta diskriminazioekin amaitzeko aldarrikapenak egiten eta, norabide horretan, administrazioekin akordioetara iristeko euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko neurriak adostea ezinbestekoa izango da ELArentzat. Era berean, ELAk gaurdanik presio egingo die alderdi politikoei langile eta herritar euskaldunak diskriminatuko ez dituen legezko egitura berri bat onar dezaten, hau da, euskararen exijentzia gaztelaniaren exijentziarekin parekatu dadin eta langile erdaldun elebakarrei beharrezko laguntza eskaini dakizkien, era honetan, administrazioak erabat euskaldundu daitezen.
Azkenik, ELAren ustez EAJren eta EH-Bilduren arteko akordio honek “herri akordioen” muga erakusten du. Egiturazko gaietan EAJrekin akordioak soilik egin daitezke egiturazko aldaketei uko eginez, edo aldaketak etorkizunean aztertzeko elementu bilakatzen badira. Bien bitartean, gure herrian ezinbestekoak diren eraldaketarako erreferentziak desagertu egiten dira eta egungo status quo-a indartzen da.