EHUko ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEAK ELKARTERATZEAK EGIN DITUZTE NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAREN ALDE

2004/02/04

EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako 200 langilek elkarteratzea egin dute gaur Leioako Errektoregoaren aurrean, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren bilera egiten ari zen bitartean. Donostian, aldiz, 60 langile bildu dira Ibaetako Campusean eta beste 40 langile Gasteizko Campusean, negoziazio kolektiboaren aldeko protestan.

Betidanik AZPkoak Unibertsitateko "Errauskiñe" izan ohi gara, hutsaren hurrengoa. Gure plantila oso urria izan da, Estatuko unibertsitateen artean langile kopururik txikiena dugula, langileen % 60a behin behinekoa da eta lanpostuen % 5a zerbitzu eginkizunen bidez beteta daude. Ez dago ia inor C eskalan, promoziorik ere ez dago, eta abar luze bat.

Negoziazioak egon diren guztietan egoera hauek konpontzeko neurriak adostu dira, baina gero bete gabe geratu dira akordio guzti guztiak.

Azken aldi honetan gauzek okerrera egin dute, nahiko zaila bazen ere. Askotan aipatzen duten plantila teorikoa egin beharrean, etengabe ibili dira lanpostuak berraldatzen eta zerbitzuak berrantolatzen, batzutan lanpostuak arriskutan jarri dituztela eta beste batzuetan izkutuko balorzioak ekarri dituztela , gainontzeko langileen lanpostuen balorazioa egin gabe jarraitzen duen bitartean.

Azken hilabeteetan argi utzi dute ganorarik gabeko jarrera eta negoziazteko borondate falta. Negoziazio askotan gehiengo sindikal kualifikatua edo sindikatuen arteko erabateko adostasuna eskatu dute akordioak egiteko. Baina oraingo honetan sindikatu bakar baten sinaduraz onartu dute 2004ko lan egutegia eta lan poltsak antolatzeko arautegia.

Jarrera hau negoziazioak apurtzea dela uste dugu STEE-EILAS, ELA, LAB eta CCOO sindikatuok.

Egoera hau bideratzea posiblea dela uste dugu, baina horrerarako akordio horiek (lan egutegia eta lan poltsen gestioa) bernegoziatu behar dira, eta azken hiru urteetan adostu ditugun akordioak betetzeko egutegia egin behar da.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAREN ALDE ETA LANGILEEN ESKUBIDEEN DEFENTSAN