EITBk berreskuratu egin behar ditu bere sorrera inspiratu zuten berdintasun eta aniztasun printzipioak
ELAk salatu egin ditu EITBko plantilla murrizteko berregituratze planak, eta bere kezka eta arbuioa adierazi du. Zuzendaritzak iragarri duena, telebistako plantilla %20 murrizteko asmoa, Eusko Irratiko EEEaren antzeko beste urrats bat litzateke. Bere apustua gero eta esternalizazio gehiago izatea da; honek zuzenean eragingo dio enplegu kopuru eta kalitateari, baina baita komunikabidearen kalitate informatiboari ere.
Bestalde, erakunde publikoak hausnar dezala bere politika informatiboaz eta ziurta dezala inpartzialtasuna eta informazioa izateko aukera, iritzi eta posizio alternatiboei presentzia orekatua emanez eskatzen du. Hain zuzen, garrantzia eman behar zaie errealitate sozial eta laboralari buruzko informazioei, eta aplikatzen diren politikek eragindako ondorio anitzen inguruko albisteei ere, hauek guztiak ezkutatu egiten baitira, edo desorekatuta agertu.
ELAk galdegiten du erakundearen sorrera bultzatu zuten printzipioei bultzada handiagoa ematea; euskal kulturaren eta euskararen sustapena bere politika informatiboaren ardatz nagusi izan behar du.