EITBko Administrazio Kontseiluaren hautaketa: gehiengoa duten antolakundeak bazterten dituen "aniztasun eredua"

2009/09/04
EITBko Administrazio Kontseiluko kideak proposatzeko epea amaitu aurretik- irailaren 4an amaitzen da- PSE, PP eta EAJ-PNV-k Administrazio Kontseiluko kideak izendatzeko akordioa lortu dutela zabaldu da.

Alderdi politikoen artetik izendatu beharreko 15 kideez gain, beste 4ak herri-antolakundeen artetik hautatu beharko lirateke (gizarte, kultura, kooperatiba eta unibertsitate arloetatik). Legebiltzarrari dagokio izendapena egitea.

 

Proposamen guztiak oraindik jaso gabe zeudela, publiko egin da aipaturiko akordioa, non alderdi politiko artean kargu-banaketa egun Legebiltzarrean duten ordezkaritza kontutan harturik egin da, eta beste antolakundeena ere jasotzen da. Hori horrela, Euskaltzaindiaren ordezkari bat egongo da, beste bat Eusko Ikaskuntzatik, EHUko aurreko errektorea eta, hedabideek aditzera eman dutenez, sindikatuen ordezkaritza CCOO-ena izango da, UGT ordeztuz.

 

ELAren iritziz, oso-oso larria da ordezkaritza politikoa honela jardutea. Berari ez dagozkion ordezkaritza  esparruak hondatzen ditu, guzti horiek bere gain hartu nahi ditu, eta berez ordezkaritza-maila nabarmena duten erakundeak alde batera utzi nahi ditu. Horra hor ELA, ordezkaritzaren %40 edukita (CCOO eta UGT-ren ordezkaritzaren batura baino nabarmen handiagoa) eta bazterrean utzi dutela. Hiru legealditan hirugarren aldiz jarraian mesprezua erakusten diote sindikatu nagusiko ordezkaritzari.

 

Akordio hori ulertzeko modu bakarra zera da: posizio politikoetatik erabaki dute beren proiektu politiko, sozial eta ekonomikoarekin bat datozenei bakarrik  oparitzea ordezkaritza, demokraziaren arauak puskatuz.

 

Akordio hori sinatu dutenek ez dute erakutsi inolako begirune demokratikorik. Hedabideetako tirabirak  alde batera utzita, funtsean ados daude betiko moduan jarraitu ahal izateko. Jokabide hori ez da, inondik inora, iristen edozein herrialde demokratikoren gutxienezko mailara; bestela, erakunde bakoitzak duen ordezkaritza errespetatuko litzateke.

 

Agerikoa da zertan den bere “aniztasun” eredua. Eredu hau sektarioa da aniztasun ideologikoari betoa ezartzen baitio; finean arbitrarioa ere bada aniztasun printzipio hori propaganda hutsa bilakatu baitute.