Ekainaren 18an egingo den Ezkerraldeko 29, Martxan parte hartzeko deia egin du ELAk

Bihar, ekainak 18, Ezkerraldeko 29. Martxa ospatuko da. Aberastasunaren banaketa bidegabearen aurkako aldarrikapen orokorrez gain, eta lan eta bizitzaren prekarizazioaz gain, egun eskualdean dauden gatazkei protagonismoa emango zaie. Ildo horretan, datozen asteetan grebak eta mobilizazioak egingo dira, bai enpresa zehatzetan, bai hainbat sektoretan, hala nola egoitzetan, garbiketan, merkataritzan edo metalean. Honekin batera, eskualdean lan istripuek eragindako 4 heriotzak, kalean hildako etxerik gabeko pertsonen heriotzak eta indarkeria matxista salatuko dira.
Martxa Sestaoko Kasko plazatik abiatuko da 12:00etan eta Santurtzin amaituko da. Besteak beste, hauek dira mobilizazioan parte hartuko duten kolektiboetako batzuk: pentsiodunak, Ortuellako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (greba deituta dute), Teknia (greban), Vicinay Galdames (greba mugagabean), Harsko (greba deituta dute), portuko behin-behineko zamaketariak, santurtziko enplegu planeko langileak, egoitzak (ekainaren 23ko eta 24ko greba), metalgintza (ekainaren 23ko eta 30eko greba).