Ekainaren 23an, beste greba egun bat Gipuzkoako Ehungintzako Merkataritzan

2022/06/13
ELAk eta LABek beste greba egun bat deitu dute ekainaren 23rako Gipuzkoako Ehungintzako Merkataritzan, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko. Sindikatuek sektoreko patronalei exijitu diete kolektiboaren lan baldintzak hobetzeko proposamen bat egin dezatela, besteak beste, gehiegizko partzialtasunaren arazoa konpontzeko eta urteko lanorduak murrizteko. Gainera, digitalizazioari aurre egiteko neurriak hartu behar dira; izan ere, online salmentek eta denden itxierek merkataritzaren egoera kaltetu dute.

Gipuzkoan, 2020ko abendutik 2021eko abendura, hainbat katetako dendak itxi dituzte: Irungo eta Eibarko Stradivarius; Zara Home Garbera; Masssimo Dutti Urbilgoa; Woman Secret erdialdea eta Irun; Springfield Eibar; eta COS Donostia, besteak beste. Guztira, 70 lanpostu zuzen baino gehiago suntsitu dira. Horrekin batera, errentagarriak ziren denda asko itxi dituzte, enpresak ezarritako salmenta helburuetara iristen baziren ere. “Horri buruz hitz egin behar da eta neurriak hartu behar dira. Premiazkoa da”, diote sindikatuek.

ELAk eta LABek salatu dute merkataritzaren egoerak nabarmen egin duela okerrera azken urteotan, eta Gipuzkoako ehun merkataritzaren errealitatea aintzat hartuko duen hitzarmen bat aldarrikatu dute, lan baldintzak hobetuko dituena eta kalitatezko enplegua bermatuko duena.

Egun, 2262 langile daude Gipuzkoako ehun merkataritzaren sektorean. Kolektiboaren egoera desberdina da: batzuei 2006-2009 hitzarmena aplikatzen zaie eta soldata izoztuta dute ordutik; beste batzuei, berriz, 2010-2018 hitzarmena.

2021aren amaieran hitzarmenaren negoziazioak hasi ziren. Hainbat bilera egin dira, baina orain arte ez da ezer aurreratu. Patronalak hitzarmena blokeatu du.

Sektorearentzat egoera hori jasanezina da. Urtean 1748 lanorduetatik inoiz jaitsi ez diren langileez ari gara; 20 urte baino gehiago eta borondatezkoa ez den 20 orduko lanaldi partziala duten langileez; bateratzeko ezintasunaz, sustapen ezintasunaz, dendak ixteaz, Enplegu Erregulazioko Espedienteez eta kaleratzeez ari gara, enpresek martxan jartzen dituzten online salmenten eta digitalizazio prozesuen ondorioz, gehiago fakturatzeko eta enplegua suntsitzeko.

Gauzak horrela, kolektiboa antolatu egin da eta nahikoa dela esan du. Horren erakusgarri da joan den maiatzaren 27ko greba.

Greba egun horren ondoren, beste negoziazio bilera bat egin zen LHKren Donostiako egoitzan, ekainaren 1ean. Patronalak KPIen soldata igoera eskaintzera mugatzen dira, urte negatiboak kenduta, sektoreak aldarrikatzen duen beste proposamenik aintzat hartu gabe. Gainera, gutxienez 734 langileren lan baldintzek atzera egitea nahi dute, 2010-2018 ikasturtean negoziatu ziren artikuluak sartu ez direlako eta 2009tik aurrera abiatu nahi dutelako.

 

Patronalaren jarrera horren aurrean, greba da sektoreko langileei geratzen zaien bide bakarra.