Ekuador erresistentzian!

2019/10/11
Ekuadorren eraso neoliberal berria gertatu da. Izan ere, Lenin Morenoren gobernuak hainbat neurri ekonomiko dekretatu ditu, NDFrekin (Nazioarteko Diru Funtsarekin) sinatutako hitzarmenaren eskakizunei erantzunez. Erabaki horrek helburu bakarra dauka: bertako eta nazioarteko elite ekonomikoen irabaziak areagotzea.

Lege proiektuan jasotako neurriak bi talde handitan banatu daitezke. Lehenik eta behin, diru-sarrera publikoak murriztera bideratutakoak, zerga-salbuespenen, kapital handien errentaren gaineko zergaren kenketen edo zerga amnistiaren bidez. Bestalde, herritar gehiengoaren eskubide sozialak eta laboralak murriztea helburu dutenak, gizarte segurantzaren balizko pribatizazioa barne. Neurri horiekin batera, indarrean lehena sartu eta eztabaidagarriena izan dena erregaien dirulaguntza ezabatzea izan da, horrek suposatzen duen garraio kostuen igoerarekin eta bizitzarako ezinbesteko produktuen prezioen gorakadarekin.

Neurriak hainbat dira: 23.000 funtzionario kaleratzea; ehunka funtzionarioren soldatak %20an murriztea; eta opor egunak erdira murriztea urtean 30 egunetik 15 egunera pasatuz, besteak beste. Sektore pribatuko langileen baldintzak ere okertuko ditu. Laburbilduz, Morenoren gobernuaren neurri latzen helburua lana debaluatzea eta estatua zerbitzu publikoen hornitzaile gisa suntsitzea da, biztanleriaren pobretzea areagotuz.

Neurri hauen aurrean, milaka ekuadortar kalera atera dira, gobernuaz gogaituta. Gobernuak haien subiranotasuna saldu du, NDFren interesen truke. Aurreko hamarkadetan bere errezeta neoliberalekin kontinente latinoamerikarraren parte handi bat miseriara, pobreziara eta exodo masibora kondenatu zuen NDFren interesen truke, hain zuzen ere.

ELAtik gure gaitzespena agertu nahi dugu egun hauetako protestetan Ekuadorreko gobernuak herriaren kontra erabilitako errepresioa eta indarkeria dela eta. Bide horretan, ostiral honetan (urriak 11) Bilboko Arriaga plazan 18:30etan egingo den elkarretaratzera atxikitzen da ELA, eta bere afiliazioari deia egiten dio kontzentrazioan parte hartzeko.