Eusko Jaurlaritzak Customer Worksen 300 langile kaleratzeko aukera eman du

2010/11/09
Iberdrolako telefonia zerbitzua zeraman Customer Works-eko enpresa-batzordearen gehiengoak salatu egin du Eusko Jaurlaritzak enpresa honi buruz kaleratu duen ebazpena, 300dik gora langile kaleratzea ekarriko baitu.

 

Duela zenbait hilabete, egoitza Güeñesen duen Customer Works enpresak kontratu mugagabea zuten 127 langile kaleratzeko EREa aurkeztu zuen, Iberdrolak bezeroentzako telefonia zerbitzua beste azpikontrata batekin egitea erabaki baitzuen. Hau ikusirik ELA eta LAB sindikatuok espedientearen aurka atera ginen eta langile guztiak enpresa berrian subrogatzeko borrokari ekin genion. Kontratuak amaitzerik ez genuen onartzen, enpresen jarraipena zegoelako eta langileek subrogazio eskubidea dutelako. Horrela borroka sindikal gogorra hasi zen, 10 egunetik gorako greba eta mobilizazioak barne.

Uztailean Bizkaiko Lan Ordezkaritzak EREa ez onartzea erabaki zuen, enpresen jarraipena argia zela iritzita, eta EREa lege-iruzurra izan zitekeela uste izan zuelako.

Customer Worksek zerbitzua hartu berria zen Konecta enpresarekin batera enpresa aldaketa geldiarazi egin zuten, Iberdrolak hala eskatuta; abuztuan, ordea, gorako helegite bat aurkeztu zen ordezkaritzaren erabakiaren aurka.

Ulergaitza bada ere, Jaurlaritzak gorako helegite hau oraingoan onartu egin du, Bizkaiko lurralde-ordezkaritzak erabaki zuenaren kontra.

ELAk eta LABek salatu egin nahi dugu Jaurlaritzaren ebazpen hau: 300 langile kaleratuko dituzte krisiak honez gero gogor jo duen eskualde honetan. Gasteizko gobernua Iberdrolaren interesen mesedetan ari da jarduten, langileen eskubideak bazter utzita. Jaurlaritza berriro ere botere ekonomiko eta finantzarioaren esanetara ari da, hots, gutxi batzuren onerako jokatzen dutenen zerbitzutan, herri honetako langile-klasearen bizkarretik.

ELAk eta LABek borroka sindikalari eta auzitegietako bideari eutsi egingo diogu; ez dugu etsiko Iberdrolako bezeroen arreta zerbitzuko behargin guztien lanpostu eta eskubideen defentsan.