Eusko Jaurlaritzak adarra jotzen die herri-langileei soldata-igoerarekin

2017/11/07
ELAk salatu duenez Eusko Jaurlaritzak berriro galdu die begirunea bere ia 90.000 langileei. Mahai Orokorreko bi bileretan Eusko Jaurlaritzak eta Andres Zearreta sailburuordeak gobernuaren peko langileei %1,5 igoko zaiela jakinarazi ondoren, atzo Azpiazu sailburuak eta Erkoreka eledunak adierazi zuten igoera hori zintzilik dagoela.

Batetik, Azpiazu sailburuak baldintza baten pean jarri zuen, EAEko aurrekontu orokorrak onestearen baldintzapean, alegia; eta bestetik, Erkoreka eledunak esan zuen, soldata-igoera hori aplikatzeko, Estatuaren Oinarrizko Lege batek baimendu behar duela.

Eusko Jaurlaritzako arduradun horiek atzo adierazitakoaren aurrean ELAren aldetik erantzun nahi dugu Eusko Jaurlaritzak gaurko egunean ez duela legezko eragozpenik soldata-igoera gauzatzeko, gobernuaren esku dagoela herri-langileei igoera egitea ala ez. Aipatu beharrekoa da, bide batez, igoera 2017ko KPI baino txikiagoa dela, eta azken batean eroste-ahalmenaren beste galera bat izango dela, azken urteotan pilatu den %15ari gehitu beharreko beste bat.

ELAren salaketaren arabera gobernuak, batetik, langile publikoak bahitu gisa erabiltzen ditu, bere aurrekontuak aurrera ateratzeko; eta bestetik, Estatuaren atzean ezkutatzen da euskal langile publikoei beste murrizketa bat ezartzeko.

Azkenik, ELAk ozenki salatzen du jendaurrean Jaurlaritzak Estatuaren "aitzakiaz" baliatzen dela behin eta berriz murrizketak ezartzerakoan, baina erabaki horiek gobernuarenak dira eta ez beste inorenak. Jaularitzak autogobernua defendatzeko ez du inolako borondaterik eta gure eskunduntzak ezerezean uzten ditu.Horren adibide garbia da euskal administrazioan eman den enpleguaren suntsiketa eta behin behinekotasuna, non hiru langiletik bat bitartekoa edo behin-behinekoa da, hau da, %33tik gora, Eusko Jaularitzak ez du bere egiten, behin behinekotasuna %8ra jeisteko Estatu espainiarraren planteamentua. Beste horrenbeste gertatzen da bajak zigortzean, Itzarrin eta abarretan.