ELA 2002ko Aberri Egunaren aurrean

2002/03/13
"AUTODETERMINAZIOA DEMOKRAZIA DA"

ELAk 90 urteetan egin duen ibilbidean zehar erregimen eta egoera politikoak aldakorrak izan dira, eta estatuaren jokabidea euskal errealitatearekiko ezberdina izan da, bi muturren artean: jazarpenik gogorrena, batetik, eta, berezitasuna aitortzen zuelarik, autogobernu erakundeak onartzea, bestetik. Halere, beti irmo eutsi izan dio oinarri bati: "herri espainola" ez den beste edozein burujabetza subjektu ukatu egin du ("herri frantsesa", Iparraldeari dagokionez).

Horren guztiaren emaitza egungo esparrua da, eta beronen baitan joko politiko bakarra da posible: estatuko eta autonomietako erakundeen arteko eskumenen banaketak sortzen dituzten gorabeherak. Auziok estatuak unean-uneko egoera eta komenientzia politikoen arabera kudeatzen ditu. Espainiako indar politiko nagusiak funtsean bat datoz gai honekiko; euren jarrera argia eta iraunkorra da, eta zentralizazio joera nabarmen ari da areagotzen. Horregatik, ezin da esan egungo koadro juridiko politikoa berrikusita burujabetza proiekturen bat gauza litekeenik.

Hori guztia kontutan izanik, ELAk ezinezko irizten dio euskal auziaren konponbidea Estatutua zaharberritzeko estrategian oinarritzeari, eta bere borrokaren helburutzat autodeterminazio eskubidearen lorpena hartu du, Lizarra Garaziko adierazpenak egin zuen moduan ("Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek beren hitzaren bitartez adierazi behar dute"). Ez da hau bide erraza, ez erosoa, baina bai ELAren aburuz estatuak beti azken hitza duen sorgin gurpil hortatik irteteko aukera errealista bakarra.

Estatu espainola biziki kezkatuta dago euskal gizartean zer izan nahi duen erabakitzeko borondatea hedatzen ari delako. Batetik, herritar askok aldezten dituzten ideiak zilegi direnik ez du onartzen, horrela sistema demokratikoen ezaugarri den aniztasuna ukatzen duelarik. Bestetik, Espainiako botere sistemak eskubide demokratiko hutsa dena desitxuratu egiten du eta mezu katastrofista, faltsu eta testuinguruz kanpokoekin lotzen du (bazterketa, gizartearen haustura, isolamendua, hondamendi ekonomikoa...). Mezuok estatu autoritarioak normaltasun demokratikoari dion beldurraren isla dira, eta ez soberanismoaren benetako aukerak, beronek arrakasta izango badu ezinbestekoa baitzaio Euskal Herriko errealitate anitz eta konplexua proiektu komun batean sartu eta berorren partaide izatea.

Berriro azpimarratu behar da autodeterminazio eskubidea gatazka nazionaletan irizpide demokratikoa aplikatzea besterik ez dela. Honelako gatazketan "Euskal Herrikoa ez da salbuespena" hain ohiko diren militarizazio, zapalkuntza eta bortxazko estrategiek ez bezala, autodeterminazio eskubideak herritarrengan uzten du beren status politikoa erabakitzeko aukera.

Alabaina, euskal gatazkaren konponbidea herritarren borondatea aintzat hartzean datzala esateak ondorio garrantzitsuak ditu. Euskal Herriko gizon eta emakumeekiko konpromiso demokratikoa hartzea esan nahi du; estrategia soberanistaren helburu gizon eta emakume horien borondatea erakartzea egiten du, eta autodeterminazio eskubidea aitor dakion egin beharreko borrokan gizartearen parte hartze zuzena eskatzen du.

Horren oztopo handiak soilik euskal gizarteak gaindi ditzake. Hartara, beraz, autodeterminazioarekiko konpromiso sare sozial trinkoa osatu behar da. Bestalde, egun indar soberanistek gidatutako erakunde garrantzitsuak kudeatzeko modua aldatzea eskatzen du prozesuak, eta herritarren parte hartze politiko handiagoa sustatzen hastea, hauteskunde hutsetatik haratago. Hain zuzen, Kontzertu Ekonomikoa berritzeko negoziazio eta akordioaren kudeaketa ilun eta elitista izan dira gauzak egin behar ez diren moduaren adibiderik argiena. Soilik jakinaren gainean, kezkatuta eta mobilizatzeko prest den gizarteak eman diezaieke erakundeei autodeterminazio eskubidea aitor dakigun egin beharreko borroka politiko gogorrerako zilegitasuna eta indarra. Herritarren borondatea errespetatzeko araua ez da, halere, autodeterminazio eskubidea onartu den unerako bakarrik; aitzitik, eskubidea lortzeko prozesuan ere aintzat hartu beharra dago. Beraz, onartezinak dira euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea ahotan hartuta egiten diren hilketa, mehatxu edota gizarte honek gaitzesten dituen beste ekintzak. Irizpide demokratikoa eta praxi politikoa medio, borondateak erakartzeko estrategiak hartu behar du bortxan oinarritutako estrategiaren lekua, honek ez baititu soilik pertsonen eskubideak, herritarren bizikidetza eta adierazpen politiko librea zapuzten; aitzitik, borondateak atzeratu, indarrak kendu eta aliantzak hondatzen ditu, guztiak ere autodeterminazio eskubidea lortzeko borrokarako eta burujabetza proiektua garatzeko beharrezko direnak. Egitekoa eskerga da, eta aliantzak, ezinbestekoak. Hori dela-eta, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearekiko konpromisoa agertzen duten eta bitarteko bakartzat bide politikoak hartzen dituzten indar demokratiko guztien lankidetza bilatuko du.

ELAren ESKAERAK

Beste hainbat urtetan izan den moduan, aurten ere egoera zailean ospatzen dugun Aberri Eguna dela eta ELAk honakoak adierazi nahi ditu:

 

  • Lizarra Garaziko Adierazpeneko printzipioak baliagarri direla berresten du, eta euskal gatazkaren konponbiderako elkarrizketa eta negoziazio bideei heltzea eskatzen du.
  • Berriro galdegiten dio ETAri bortizkeria estrategia bertan behera uztea, zeinaren bidez gure gizarteko sektore gero eta handiagotan izua hedatzen ari den.
  • Estatuko botereei euskal gatazkaren izaera politikoa aitor dezaten eskatzen die, eta bera konpontzeko bide demokratikoak hauta ditzatela. Duela urtebeteko Aberri Eguneko adierazpenean eskatzen genuen legez, Euskal Herriari konponbide demokratikoa zor zaio.
  • Salatu egin nahi du estatuko botereen hainbat jokabide: talde politiko eta sozialak legez kanpo uzteko dinamikak, oinarrizko askatasun eta eskubideak urratzen dituzten beste agerpen errepresiboak eta sakabanatzean oinarritutako espetxe politikaren iraupena. ELAk bereziki salatzen du lege antiterroristapean atxilotutakoek jasaten dituzten tratu txar eta torturei botere publikoek ematen dien babesa.
  • Bere proiektu sindikalari arnas ematen dion konpromiso abertzale eta klasekoari eusten dio, eta bere kideei zein langile guztiei dei egiten die askatasun, justizia eta elkartasunean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko lanari ekin diezaioten.

 

Azkenik, ELAk bere afiliatuak Aberri Eguna dela eta izango diren deialdietan parte har dezaten animatzen ditu.

Gora Euskal Herria askatuta!
2002ko martxoaren 21a
NAZIO BATZORDEA

Borondateak erakarri behar (Iritzia)