ELA: “Ez da posible gainontzeko sindikatuak 2013ko uztailaren 5ean konturatzea patronala nolakoa den”
ELAren ordezkariek argitu dute Lanbidearteko Akordioa lortzeko ahaleginetan sindikatua ez dela oztopo izan. "ELA ez da oztopo izan aldeak akordio batera irits zitezen. Ez da saio honetan, ez aurrekoan egon (2012). Parte hartu duten sindikatuek akordioak ixteko bazeukaten gehiengo nahikoa". Izan ere, sindikatu honen ustez ez baitzegoen inolako baldintzarik gutxieneko oreka zuen akordio bat lortzeko: gobernuek zuzenean ematen diete patronalei nahi duten guztia. "Areago, patronalak Lanbidearteko Akordioak erabili nahi izan ditu malgutasun laboral handiagoa lortzeko edota enpresetako ekintza sindikala eragozteko".
ELAren esanetan, erreformak soldatak jaisteko egin dira, eta "gure ustez, patronalaren helburu horrekin bat datoz Eusko Jaurlaritza zein Lan Harremanen Kontseilua". ELAk erabat ukatu du soldatak direnik ekonomiaren ajea, edota lehiakortasun ezaren arrazoia, enpresaburuek esaten duten legez.
Era berean, erreforma errealitate sindikala deuseztatzeko egin dutela, esan dute: "Patronalak ez du nahi enpresetan bere erabaki unilateralak mugatu edo baldintzatuko duen sindikalismorik".
ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio egiteko asmoa duen Inaplikazio Batzordean hitzarmenen aplikazioan salbuespenak izateko benetako oztopoak jar ditzala, eta berrikus ditzala ordezkaritzan oinarritzen ez diren lobby patronalaren finantziazio iturri guztiak, kontutan izanik lobby hori dela aitzindaria soziala den guztia suntsitzeko lanean.