MAIATZAREN LEHENA

ELA: “Grebek herri hobea eta justuagoa egiten dute”

2023/04/24
Sindikatuak Bilbon eta Iruñean manifestazioak deitu ditu pentsioen eta soldaten aldeko grebak bultzatzen jarraituko duela azpimarratzeko. ELAk 2022ko Urtekaria aurkeztu du lehen aldiz ‘Borrokan, irabazteko’ leloarekin: iaz lau egunetik behin garaipen bat lortu zuen sindikatuak.

Aurtengo Maiatzaren Lehenera iritsiko da ELA soldaten eta pentsioen aldeko defentsan murgilduta, eta horregatik ‘Borrokan, irabazteko (En la lucha, para ganar)’ leloa hautatu du. Europan greba uholdea dago; Frantziar Estatuko, Portugalgo, Alemaniako eta Erresuma Batuko sindikatuak soldaten eta pentsioen alde mobilizatzen ari dira. Grebak ez dira iraganeko gauza bat, batzuek hala esan arren: gaurkotasun handiko tresna dira. Euskal Herrian ere langile asko greban daude edo egon dira. Hona datua: iaz, Estatuko greben %56 Hego Euskal Herrian egin ziren, adibidez. Horrela adierazi dute gaurko prentsaurrekoan Mitxel Lakuntzak (ELAko idazkari nagusiak) eta Amaia Muñoak (idazkari nagusiaren albokoak).

Gainera, langileek %15 gehiago ordaintzen dute oinarrizko elikagaiengatik, eta batez beste 3.600 euro gehiago urtean hipotekengatik; bankuek, oligopolio energetikoak eta elikadura banatzaile handiek, berriz, aparteko irabaziak izan dituzte. Prezioen igoera oso lotuta dago etekin horien igoerarekin. Interes ekonomikoen menpe ere, Urkulluren eta Chiviteren gobernuek ez dute neurri garrantzitsurik hartu bizitzaren garestitasunari, etxebizitzari edo zerbitzu publikoen okertzeari aurre egiteko.

Mitxel Lakuntza: “Gobernuen geldotasunaren aurrean, greba da erosahalmenaren galerari aurre egiteko tresnarik eraginkorrena”

Mitxel Lakuntzaren esanetan, “ELA, herri honetako sindikatu nagusia den heinean, harro dago Euskal Herria greba egiten buru delako. Lotura zuzena dago greba eta lorpenen artean. Berez, greba egiteko gai izateak patronalaren jarrera baldintzatzen du. Soilik konfrontazio eredu sindikaletik egin dakioke aurre pobretze testuinguruari. Elkarrizketa soziala, sindikalismoaren instituzionalizazioa edo moderazioak bide antzuak dira: mahai horiek hutsik daude eta patronala eta gobernuen kontrolpean daude”.

ELAren ustez, grebek herrialde hobea egiten dute: “lan eta bizi baldintza hobeak dituen herrialde bat herrialde justuagoa delako”

Amaia Muñoa: “ELAk lau egunero garaipen bat lortu du”

‘Borrokan, irabazteko’ leloaren isla zuzena da ELAk gaur aurkeztu duen 2022ko Urtekaria. 48 orrialdetan, iaz lortutako 86 garaipen sindikal jasotzen ditu: “Sektore eta eskualde guztietan -azpimarratu du Amaia Muñoak- milaka langilek euren lan eta bizi baldintzak hobetu dituzte ELAren eskutik”. Urtekariaren 105.000 ale banatuko dira, eta afiliatu guztien etxeetara bidali da.

“Argitalpen honetan, hemendik aurrera urtero editatuko duguna, agertzen da oso modu argian zein den ELAren indarra: bere militanteen konpromisoa eta borrokak, negoziazio kolektiboaren fruituak eta zerbitzu juridikoen ezinbesteko lana”. Soldaten zein pentsioen kasuetan, genero irakurketa argia dago: “Patronalak gogor blokeatzen ditu emakumeak lan egiten duten arloetako hitzarmenak: zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, merkataritza, ostalaritza edo garbikuntza”, adibide batzuk jartzearren. Hala ere, sektore horietako batzuetan akordio onak lortu ditu ELAk azken asteotan, beti ere greba eta gatazkaren bidez.

Muñoak gogoratu duenez, “hitzarmen on bat ez da zerutik erortzen. Lan eta bizi baldintzak hobetzeak zerikusi zuzena du antolatzeko eta konfrontatzeko gaitasunarekin; hori da sindikatuaren eginkizun nagusia”.

ELAk hainbat atal eta esparruetan lan egiten du, eta aurtengo manifestazioak horren isla izango dira. Maiatzaren Leheneko mobilizazioak eta deialdiak Bilbon eta Iruñean izango dira, ondorengo hitzorduekin:

BILBO. 11:30- Jesusen Bihotza

IRUÑEA. 11:30 – Gurutze Plaza