ELA: “Inori osasun-eskubidea ukatzeko ez dago argudiorik”

2012/04/26
ELAk Barcinaren eta Lopezen gobernuei exijitzen die ez ditzatela murrizketak aplika. PPren Gobernuak hartu duen erabakia, biztanleen zati bati osasun zerbitzuak izateko aukera mugatzea, oso larria da, eta ondorio dramatikoak izango ditu.

 

Osasungintza publikoan erabakitako murrizketekin estaldurak galtzen dira eta osasun-sistema beraren kalitatea okertzen da. Neurriok gizarte guztiari egingo diote kalte, osasungintza oinarrizko zerbitzu bat baita, baina askoz eragin handiagoa pairatuko dute “paperik” ez duten immigranteek; hauei estaldura ia guztiak kentzen dizkiete, alta ematerainoko larrialdiei, haurdunaldiei edo adin txikikoei dagokiena izan ezik.

Murrizketa hauekin itotze politika bat gauzatzen da; honen helburua kolektibo bat epaitzea da, prekarietate sozial eta laboralak bereziki jota dagoen kolektiboa. Aitzitik, ez zaie heltzen krisiaren benetako erantzukizunei.

ELAren ustez osasun-eskubidea ukatzeko ez dago inongo argudiorik. Horregatik, printzipio etikoen baitan erabakia onartu ezinekoa da, gizartearen kohesioa eta solidaritaterik oinarrizkoena zapuzten baititu. Gobernuaren erabakiak giza-eskubideen 22. eta 25. artikuluak urratzen ditu.

Nolanahi ere, PPren Gobernuak ahaztu egiten du immigranteek, baita paperik gabekoek ere, zergak ordaintzen dituztela, edozer erosten duten aldioro.

Neurriok hain larriak direlarik, ELAk Euskal Herriko instituzioei exijitzen die beren esparruetan uko egin diezaiotela espainiar Gobernuaren murrizte politikak aplikatzeari. Osasun-zerbitzuak galaraztea ez da lehen urratsa; orain baino lehenago ere Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak diru-sarrerak bermatzeko errenta edota oinarrizko errenta jasotzeko aukera mugatu egin dute, horrela milaka pertsona gizartetik baztertuta geratu direlarik.