ELA altxa egin da Gasteizko Mahai Orokorretik

2010/10/29
ELA joan egin da Mahai Orokorreko bileratik, Patxi Lopezen gobernuak langile publikoei aurten ezarritako soldata murrizketa 2011rako bikoiztu egin nahi duela iragarri duenean. ELAk Jaurlaritzari egotzi dio sinesgarri ez izatea, gezurretan ibiltzea eta arlo publikoa desegiteko muturreko politika kontserbadoreak gauzatzen ari dela.

ELAk Jaurlaritzari egotzi dio sinesgarri ez izatea, gezurretan ibiltzea eta arlo publikoa desegiteko muturreko politika kontserbadoreak gauzatzen ari dela.

SOLDATA MURRIZKETA BIKOIZTUA

2010eko maiatzean Patxi Lopezen gobernuak estatutik zetozen aginduak otzan onartu eta bere langileei %2,86rainoko murrizketa ezarri zien 14 pagatik 8tan (gainera, Itzarriko ekarpena %50 murriztu zuen).

Orduan Jaurlaritzak esan zuen 2011n soldata izoztu egingo zela. Baina horren ordez murrizketa bikoiztu egingo da, izan ere, 14 pagatan ezarriko baitute.

Horretaz beste, 2010ean, soldata-masaren %5eko jaitsiera lortze aldera  -hau exigitzen baitzuen estatuko gobernuak- pertsonal gastuak gutxitzeko plazak amortizatu eta bajan zeuden langileak ez ordezkatzeko erabakia hartu zuten; lana gainerako guztiek banatu behar zuten, hartara. Gaur iragarritakoarekin, soldaten murrizketa bikoitza eginda estatuak eskatutako gastu jaitsiera lortuko bada ere, enplegua deuseztatu eta bajak ez ordezkatzeko politikari eutsi egingo diote.

LANGILE PUBLIKOAK KRIMINALIZATZEKO KANPAINA

Honi Patxi Lopezen gobernuak hasitako beste kanpaina bat erantsi behar zaio: funtzio publikoko langile guztien izen ona zikindu eta kriminalizatu egin nahi ditu, “baja hartzen denean iruzurrean ibili ohi direla” esan baitu, oro har (hauexek izan ziren Funtzio Publikoko sailburuordearen hitzak), eta honi ekin egin behar diotela.

Kanpaina honekin zalantzan jarri nahi dute zerbitzu publikoak egunez egun aurrera ateratzen duten beharginen lana eta profesionaltasuna -betiere Jaurlaritzaren kudeaketaren pairatzen duten arren-, eta gizarteak langile hauek pribilegiatutzat hartzea, horrenbestez kendu beharreko karga bailiran.

Patxi Lopezek hartu dituen erabaki guztiak norabide berean doaz: arlo publikoa zikintzea, garesti eta baldarra dela ulertaraztea, gizartea kontra jartzea eta gero pribatizaziora jotzea.

Deigarria da gobernu honek, bere ekintza justizia sozialean oinarritu beharko lukeen arren, zerbitzu publikoetako langileen aurka inoiz egin den politikarik liberalena egitea. ELAk horregatik aldegin du Mahai Orokorretik: langile publikoen eta hauen jardunaren kontrako erasoagatik, negoziazio esparru berean sinatutako hitzarmena urratu dutelako (soldatetan, plantilletan eta pribatizazioei dagokienez) eta bere langileen ospea zikintzeko daramaten kanpaina latza medio. ELAk esan duenez, “gu ez gaituzte halako erasorik legitimatzeko erabiliko”.