Jaurlaritzaren Funtzio Publikoa

ELA altxa egin da mahai orokorretik, negoziaziorako aukerarik ez dagoelako

2023/02/16
Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko Kontseilariordeak deituta, 100.000 langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko mahai orokorra egin da gaur. Jaurlaritzak informazioa bakarrik emateko baliatzen du mahaia.

Langile publikoen 2023ko soldata igoera izan da gaur arratsaldean Lakuan egindako Funtzio Publikoko mahai orokorreko gai ordeneko aurreneko puntua, eta Jaurlaritzak proposatutakoa orain dela bi egun Gobernu Kontseiluak medioei jakinarazitako proposamen bera izan da. Hau da, 2023rako %2,5 handituko dituela langile publikoen soldatak.

Honen aurrean, ELAk zera galdegin dio sailburu ordeari: ea mahai orokorra mahai informatibo hutsa izango den, edo benetan negoziaziorako aukera egongo den. Kontseilariak erantzun du orain arte bezala jarraituko duela. Beraz, negoziaziorako aukerarik ez dagoela ondorioztatuta, ELAk erabaki du mahaitik alde egitea.

ELA sindikatuak gogorarazi nahi du azken hamarkadan Jaurlaritzak ez duela gehiengo sindikalaren babesarekin inolako akordiorik lortu, ez soldatan inguruan, ez enpleguaren inguruan, Euskal enplegu publiko legean, ez bestelakoetan.

Gainera, Jaurlaritzaren jokamolde hori are ulergaitzagoa da azken urteotako erakundearen diru kontuei erreparatuz gero: hiru urteotan Jaurlaritzak 2.000 milioi baino gehiagoko superabita izan du, eta bere meneko administrazioak 9.000 milloi ditu banketxeetan. Jaurlaritzak, aldiz, bere langileen erosahalmena %20 murriztu du azken hamarkadan, eta langileen behin-behienkotasuna %40 baino handiagoa da, Europako zein Estatuko handiena eta sektore publikoaren bikoitza.

ELAk berriro ere adierazi nahi du Eusko Jaurlaritzaren posizioa aldatzeko aukera bakarra mobilizazioak indartzea dela, eta deia egiten du bide horretan pausoak ematera.