ELA arlo publikoko gainontzeko sindikatuekin bilduko da mobilizazioak aztertzeko

2013/03/13
ELA arlo publikoko gainontzeko sindikatuekin bilduko da mobilizazioak aztertzeko
Eusko Jaurlaritzak murrizketa-politika zorroztu nahi duela ikusita, ELAk mobilizaziora deitzen du, ez dugu beste biderik ikusten hemengo gobernuaren politikak aldatzeko. Horretarako, dei egiten die zerbitzu publikoetan ordezkaritza dutenei mobilizazioen tamainak eta motak elkarrekin aztertzeko eta pentsatzeko.

 

ELAren aburuz zerbitzu publikoak finkatu eta zabaldu beharrean, eta enplegu publikoaren aldeko apustua egin beharrean, gure arduradun politikoak zerbitzu publikoak murrizten ari dira, enplegua suntsitzen eta langabezia ugaltzen.

Mahai orokorrean ezarritako murrizketak hauek dira:

Jardunaldia: Lanaldia 1.614 ordura luzatzen da; langileei benetako lanaldia 45 orduz baino gehiagoz luzatuko zaie. Erabaki honek milaka enplegu suntsituko ditu eta 35 orduko astearen lorpena desegingo du. ( 35 orduko legea, 2000.eko mahai orokorraren akordioa).

Aldi baterako ezintasunaren osagarriei dagokienez: Gobernuak hitzez hitz kopiatu du Rajoyren dekretua.

Soldatak: 2013 urterako izoztuta geratzen dira (bi urte eta erdian erosteko ahalmena %20 gutxituz). 

Autogobernua defendatzeko ez dago inolako borondaterik, eta argi uzten dute Madrildik etorri daitezkeen murrizketak bere egingo dituztela.

Gobernuak aurreratu du, gainera, egoera sozioekonomikoa okertzen bada murrizketa berriak ezarriko dituela.

ELAren ustez Gobernuak ezarritakoa inoiz ez bezalako erasoa da, benetan larria zerbitzu publikoetako langileentzat eta, oro har, gizarte osoarentzat. Eusko Jaurlaritzak bere egin ditu politika neoliberalak, eta aurrera darrai zerbitzu publikoak desmuntatzen eta enplegua suntsitzen.

Herri honen beharrizanak beste muturrean daude, eta horiek estaltzeko inbertsio publikoa handitu beharra dago, zerbitzu publikoak garatu, enplegu publikoa eta pribatua sortu... Baina horrek eskatzen du goitik beherako aldaketa eskatzen du aurrekontu-politikari eta zerga-politikari dagokionez. Izan ere, egoera kezkagarrian gaudelarik, erreforma fiskala, proposamena baino, premiazko eginbeharra da.

Hazkunde aldian bata bestearen atzetik egin ziren erreforma fiskalek hustu egin dituzte diru-kutxa publikoak. Gero, diru-bilketak behera egin duenean, herri honetako politikariek aldaketa kosmetiko hutsak eginez gaia ezkutatu eta galarazi egin digute benetako zerga-eztabaida bat. Hori dela-eta, paradisu fiskala izateraino aldatu gara, Europako presio fiskal arinenetako bat baitugu. EB-27ko batez besteko presio fiskala edukiko bagenu, 4.400 milioi euro gehiagoko bilketa egingo genuke, gizarte-babesa eta zerbitzu publikoak garatu ahal izateko. Bestalde, iruzur fiskalaren aurkako borroka beste oinarri bat da, politikaren benetako aldaketa baterako. Ez du zentzurik gastuaz aritzea, diru-sarrerak aipatu gabe.

Eusko Jaurlaritzak murrizketa-politika zorroztu nahi duela ikusita, ELAk mobilizaziora deitzen du, ez dugu beste biderik ikusten hemengo gobernuaren politikak aldatzeko. Horretarako, dei egiten die zerbitzu publikoetan ordezkaritza dutenei mobilizazioen tamainak eta motak elkarrekin aztertzeko eta pentsatzeko.

Helburu hori lortze aldera, ELAn uste dugu beharrezkoa dela hurrengo baldintza hauek onartzea:

1.- Aurre egitea murrizketa-politikari, eta zerbitzu publikoen eta enpleguaren alde agertzea (dela behin-behinekoa, dela publikoa, dela azpikontratatua).

2.- Ezetza Rajoyren murrizketak aplikatzeari.

3.- Gobernuari babesik ez ematea inolako murrizketa-neurriei dagokienez inungo eremuan.

4.- Lan-baldintzak eta negoziazio kolektiboa zaintzea, babestea.

5.- Lan-harremanetarako euskal esparruaren alde agertzea.

6.- Alternatibak gizarteratzea, eta herri-administrazioei politika fiskalak zeharo alda ditzaten eskatzea.