ELA Baionan izango da apirilaren 8an

2017/04/06
ELAko Nazio Batzordea eta sindikatuko militante talde handi batek parte hartuko dute Baionan apirilaren 8an izango diren ekitaldietan Sindikatu abertzalea bat dator Bakearen Artisauen lana gidatu duen filosofia eta ekinaldiarekin, zeinak ETAren behin betiko desarmatzea burutuko duen

ELAko ordezkaritza zabal bat, zuzendaritza nazionala buru dela, Baionan izango da apirilaren 8an antolatu den desarmatze ekitaldian. Sindikatuak erabateko babesa eman dio Bakearen Artisauek hasitako ekinaldiari; hauetako bat Txetx Etcheverry da, Lapurdiko hiriburuan Manu Robles-Arangiz fundazioaren arduraduna. Horregatik, bere militante eta afiliatuei dei egiten die parte har dezaten goizean egingo diren mahai-inguruetan eta arratsaldeko hiruretan deitu den ekitaldi masiboan.

Desarmatzea bakeranzko funtsezko urratsa da, behar-beharrezko pausoa. Eta espainiar zein frantses estatuek modu ordenatuan bideratzeari uko egin diotenez, Bakearen Artisauek erabakitako ekinaldia guztiz zilegi eta desiragarria izan da. Gainera, ELA bat dator hau sustatu dutenek behin eta berriz adierazi duten nahiarekin, alegia, urrats honek beste batzuk ere ekar ditzakeela gure herrian bizikidetza eta bakea finkatzeko.

Hala da; ELAk uste du iraganeko auzi larriak konpontzeke daude, esaterako gure herrikide askok sufritu izan dutenaren memoria, giza-eskubideak hainbeste kasutan urratu direlako; bideratu gabe dagoen beste kontua biktima guztien aitortza eta erreparazioa da, baita lege-ordenamenduan orain arte lekurik izan ez dutenena ere.

Bestalde, egungo espetxe-politika amaitzea ezinbestekoa da; gizatasunik gabeko politika da, funtsezko printzipio demokratikoen aurkakoa. Presoak hurbildu egin behar dituzte, eta indargabetu egin behar da salbuespeneko legedia, pertsona asko bizi arteko zigorrera daramana.

Gatazken konponbidean nazioarteko adituek ohartarazi dute gauza berria eta salbuespena dela gizarte zibileko pertsonek, borroka armatuarekin inolako loturarik izan ez dutenak, horrelako ardura beren gain hartu izana. Meritu handiko konpromiso herritarra da hau, eta ELAk erabat babesten du; kontrara, benetan lotsagarria da ustez demokratiko diren estatuentzat. Horregatik, ELAk galdegiten die estatu horiei ez dezatela ezer egin desarmatzea bideratuko duten pertsonen aurka; izan ere, desarmatze hori estatuek ordenatu eta erraztu beharko baitzuketen.