ELA bakearen alde eta indarkeriaren aurka FAINek deitutako elkarretaratzean izango da

2007/01/11
ELAk bat egitea erabaki du FAIN erakundeak bakearen alde eta indarkeriaren aurka deitu duen elkarretaratzearekin. Kontzentrazioa larunbatean izango da, Iruñean.

ELA bat dator bakearen aldeko eskariarekin, pertsonei oinarrizko eskubide hau zor baitzaie; halaber, bortizkeria ere arbuiatzen du sindikatuak, eta horregatik ETAri exigitzen dio behin betiko uko egin diezaiola politika armen bidez egiteari. Jarduera politiko eta sozialak bere protagonista eta jardunbideak ditu; ez dira zilegi Barajasko atentatu lazgarriaren moduko ekintzak, ezta gure herrietan sarri gertatzen ari diren erasoak ere, eta ez dira lagungarri ere Euskal Herri askeago eta justuago bat eraikitzeko.

Bestalde, ELAk gogoratu nahi du estatuko botereek pertsonen eskubideak urratzea ere bakearen aurkakoa dela: espetxe-politika, auzibide arbitrarioak, parte hartze politikoaren ukapena... Tamalez, erasook tairik gabe jarraitu dute, bake prozesuaren logika oinarrizkoenaren aurka, ETAk su-etena eman izan arren. Inolako aitzakiarik gabe eskubide urratzeok amai daitezela exigitzen du ELAk.

Bakeaz gainera, ELAk elkarrizketa aldarrikatzen du, sasoi zailagotan egin izan duen moduan. Gaur, zorionez, gure gizartean askoz ere hedatuago dago gogoeta bat: soilik elkarrizketarekin eraiki ahal izango da bakea, edota euskal auzi politikoa kudeatu. ELAk beharrezko ikusten du elkarrizketaren aldeko aldarriak atzera ez egitea, zailtasunak gorabehera; aitzitik, aktibatu eta indarberritu beharra dago, egoera hobera eramango gaituen beste biderik ez baitaukagu.

Honela ulertzen du ELAk larunbaterako bakearen alde, indarkeriarik ez deialdia, eta ikuskera hori oinarritzat hartuta eskatzen die bere koadro eta militanteei elkarretaratzean parte har dezaten.