ELAk bat egin du 'Batuz aldatu' Hizkuntza Politiketan eragiteko Adostasun Sozialarekin

2021/06/21
ELAk bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala lortzeko 'Batuz aldatu' agiriarekin. Donostiako Kurssalean egin da aurkezpena, eta euskararen erabilera erosoa helburu, hizkuntza politiketan eragiteko proposamena da.

Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzea garrantzitsua da ELArentzat, baita eragileekin gutxieneko adostasuna eraikitzea eta esparruz esparru ezarritako gutxieneko horien alde eragitea ere. Are gehiago euskararen aurkarko hainbat eraso jasatzen ari garen garaian. ELAren ustez eragile eta norbanako euskaltzaleok antolatzeko garaia dugu euskaraz bizitzeko espazio berriak lortzeko. Gure burua babesteko baino, aldarrikapenerako garaia dugu. Aldarrikapenerako tresna da horregatik ELArentzat sinatutako dokumentua eta horren alde eragiteko Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak sindikatuaren konpromisoa azaldu dute Donostian egindako ekitaldian.