ELAk bi hizkuntza ofizialen benetako ezagutza bermatuko duen eredua aldarrikatzen du

2010/03/03
Isabel Celáa Hezkuntza Sailburuak hiru eleko hezkuntza marko baten proposamena aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Legelbiltzarreko Hezkuntza Batzordean martxoaren 3an.

ELAk gogor salatzen du horren garrantzitsua den hezkuntza sistemako hizkuntza konpetentziei hain sakon eragiten dien proposamen honen edukien berri komunikabideen bidez besterik ez izatea. Bestalde, sindikatu honek dakienez, hezkuntza eta euskalgintzako beste eragile garrantzitsuenekin ere hitz egin eta elkartu gabeko proposamena da Hezkuntza Sailburuak aurkeztu duen hau.

Edukiei dagokionez, ELAk behin eta berriro agertu du egungo hiru hizkuntza-ereduko sistema gainditu eta erkidego honetan ofizialak diren bi hizkuntzen ezagutza eta erabilera erreala bermatzeko eredu berri baten premia. Era berean, atzerriko hizkuntzen trebakuntzan aurrera pausoak ematea beharrezkotzat eta oso positibotzat jotzen du.

Hala ere, bai gaurko proposamenak, baita azken hilabeteetan Hezkuntza Saila euskararen inguruan hartzen ari den erabakiek (curriculum aldaketak euskararen erabilerari dagokionez, matrikulazio eskaeretan A ereduaren eskaria, irakasleen euskalduntzeko programetan murrizketak, etab.) zalantza handia sortarazten digute Hezkuntza Sailaren asmoen inguruan. ELA beldur da, Nafarroako Foru Erkidegoan gertatzen ari den moduan, hiru hizkuntza bermatzera baino euskararen garrantzia eta presentzia ikasgeletan lausotzeko asmoz bideraturiko proposamena ez ote den.

Hau honela, Hezkuntza Sailari exigitzen diogu, honelako garrantzia eta sakontasuna duten gai eta erabakien inguruan, inongo adierazpen publiko edo proposamenik egin aurretik hezkuntza munduko eta euskalgintzako eragile ezberdinekin kontrastatu eta adostasuna bilatzea.