ELA, Bolkesteinen neurriko Europaren aurka

2005/03/23
Europako Batasuneko 25 estatu- eta gobernuburuen Kontseiluak Lisboako estrategia berrikusiko du.

Europako Batasuneko 25 estatu eta gobernuburuek osatzen duten Kontseilua egunotan Bruselan bildu da ohi duenez udaberriko goi bilera egitearren; biltzar honetan besteak beste Lisboako hazkunde estrategia (2000ko martxoan erabakia) berrikusi nahi dute; estrategiak jarraibide moduko helburuak jasotzen zituen, "munduko esparru ekonomikorik lehiakor eta dinamikoena izateko, oinarritzat ezagutza hartuta, eta garapen ekonomiko iraunkorra, kalitate hobea duten enplegu gehiago eta gizarte-kohesio handiagoa lortzeko gai izango zena", dio Laura Gonzalez de Txabarri ELAko nazioarteko sailaren arduradunak.

Europako Batzordearen egitekoa Kontseiluari politikak proposatzea da, eta "enplegua zein Lisboako agendaren ustezko eduki soziala ahaztuta, aukera baliatu nahi du egitasmo europarraren ezaugarri neoliberalenak areagotzeko". Batzordearen helburua argi dago: "Bolkestein zuzentarauaren proposamena -EBren baitan zerbitzuak erabat liberalizatuz gizarte- eta lan-esparruko eskubideak eraitsi nahi dituen asmoa- lehiakortasuna hobetzeko Lisboako estrategiaren atal nagusitzat azaltzen du". Gainera, ezin ahaztu zuzentarau hori Batzordeak Europako Konstituzio Itunaren emaitza legez aurkezten duela, itunak zerbitzuen joan-etorri librea oinarritzat hartzen duen heinean". ELAk dagoeneko adierazi du Europa eraikitzeko eredu honen aurka dagoela, eta beraz itunaren beraren aurka; horregatik eskatu zuen euskal gizartean dezenteko oihartzuna izan duen ezezko botoa joan den otsailaren 20ko erreferendumean.

Politika neoliberalen seta lehiakortasuna da, eta hau beste edozein gauzari gailentzen zaio -Txinako ekonomia aipatzen dute neoliberalek eredu bezala-; horren aurka, dio Gonzalez de Txabarrik, "beharrezko dira bestelako politika globalak, nazioarteko hitzarmen eta itunetan aitortzen diren eskubide demokratiko, sozial eta ekologikoak betearaziko direla ziurtatuko duten politikak, hartara munduko herritar guztiei bizi eta lan baldintza duinak bermatuta izan daitezen". Honelako bermeen gabeziak bultza du ELA, beste arrazoi batzuren artean, Konstituzio-itunari buruzko erreferendumean ezezkoa eskatzera.

ELAko nazioarteko arduradunaren arabera, Europako Batasunak "lehentasuna helburu ekonomiko hutsei ematen die, eta gai sozialak edo ingurumenarekikoak baztertu egiten ditu; alabaina, hauek ere bere ekintza politikoaren ezaugarri behar lukete"; duela gutxi, Batzordearen buru den Durao Barrosok argi utzi du lehentasuna lehiakortasuna eta ekonomia dituela. Beste batzordekide batek ere enpresak animatu ditu, lantegiak inguru lehiakorragoetara alda ditzaten. Jarrera honen ondorioz, Barrosok ez du zerbitzuei buruzko zuzentarau-proposamenetik jatorrizko estatuaren printzipioa kendu nahi; honen arabera, zerbitzua ematen ari den langileari bere enpresa den estatuko legeria eta arauak aplikatuko zaizkio, eta ez lanean ari deneko tokikoak.