ELA borroka esparru zibil eta demokratikoen alde

2009/02/02
Adolfo Muñoz, ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, ETAk ez du zilegitasunik eta borroka sozial eta demokratikoen beharra dago. Adierazpenok sindikatu honen web orrialdean daude.

ETAk berriro mehatxu egin du eta su-eten iraunkorra bertan behera utzi zuenetik hartutako estrategiari eusten dio.

Egin dituen mehatxuak inondik ere ezin ditugu onartu. ETAk bere komunikatuan gogora arazten digu bere bide bakarra borroka armatua dela, eta bere izaera, erakunde armatuarena alegia, ezin dela eztabaidatu. Azken negoziazio prozesuaren porrotarekin eta berriro armei heldu dielarik, ETAk bere estrategiari buruz, jarduera armatuari buruz, eztabaida oro amaitzea nahi du. Zoritxarrez, komunikatu horretan ETAk berretsi egiten du borroka zibil, sozial eta politikoetan ez duela sinesten.

ETA azpiegitura batzuren aurka agertu da (AHT...); azpiegitura horien kontra gizartean mobilizazioa eratu da, eta hainbat mugimendu sozial zein sindikatu lanean ari da.

Bai, baina hori betiere . ETAk erakunde armatu den aldetik borroka sozialetan bilatzen du legitimazioa, gobernuen politika konkretuak zalantzan jartzen dituzten borroka horietan, eta nabarmendu egin nahi dut borroka sozialak direla. Ezetz esan behar diogu. Esparru hori ez da inondik ere berea. Esparru horiek bereganatu nahi izatea onartezina da. Borroka sozialen xedea gizartearen gehiengoa erakartzea da, eta horretarako ez daukagu abangoardia armatuen beharrik; aitzitik, bateraezinak dira guztiz. ELAk hala uste du: gure aburuz, lan egiteko bide bakarra kezkatzen gaituzten gaiak eta plazaratzen ditugun alternatibak sozializatzea da. Hori egin behar du talde edo erakunde bakoitzak dagokion esparruan. Ez dago beste biderik.

Politikari batzuk ETAren ekintzak baliatu egiten dituzte borroka sozial horiei erasotzeko eta zilegi direnik ukatzeko.

Hori ere ez da oraingo kontua, ez hemen, ez beste inon. ETAk bere ekintzekin sekulako amorrua eta ikara eragiten ditu, eta astindu hori baliatu egin nahi dute jendearen erreakzioak manipulatu eta borroka sozial horiek ez direla zilegi esateko. Ez gaitu harritzen, betidanik gertatu izan baita hori. Jarrera horrek nabarmen uzten ditu gobernuetako edo patronaletako hainbat ordezkari, manipulazioan aitzindari baitira. Poztuko lirateke borroka sozial hauek kriminalizatuko balira. Baina horrela jokatzen duenak duen maila demokratiko eskasa agerian uzten du. Gure iritziz honelako jokabideak, sarri botere politikotik datozenak, ezin dira onartu.

Beraz… ELArentzat bide bakarra dago, ez? Borroka sindikal, sozial eta politikoei eutsi egin behar zaie, bitarteko zibil eta demokratikoak erabiliz.

Hala da. Sindikatuak aldezten dituen helburuetara iristeko, arlo sindikal, sozial eta politikoan, ez daukagu ETAren beharrik; ez dugu nahi abangoardia batek gure lekua hartzerik. Sindikatuak uste osoa dauka bere jendearen militantzia konpromisoan, antolatzeko gaitasunean eta proiektuen lehia demokratikoan. Horixe izan da, eta izango ere, ELAren konpromisoa.