ELA: "CCOO eta UGT-k soldaten moderazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute, enpresariek irabazien marka guztiak hausten dituzten bitartean"

2006/01/12

Bosgarren urtez jarraian bi sindikatuek Negoziazio Kolektiboari buzuko akordioa lortu dute patronalarekin Espainiar Estatuan.

2004. urtean sinatutako akordioaren klausula batek akordioaren luzapena aurreikusten zuen. Hori da erabaki dutena: patronalari dituen pribilegiozko baldintzak luzatzea erabaki dute, negoziazio kolektiboan langileok ditugun arazo larriei aurre egiteari uko eginez.

Soldatekin zer gertatzen ari den eta enpresariak dituzten irabazien inguruko datu ofizialak ezer gutxi axola zaie horrelako akordioak sinatzen dituztenei. ELAren aburuz, oso larria da oinarrizko soldatak (prekarietatearen ondorioz, besteak beste) inflakzioaren azpitik hazten ari direla onartzea, erosteko ahalmena galduz, eta horri aurre egiteko sindikalgintzak duen oinarrizko elementu bati (hitzarmen kolektiboa) uko egitea.

Lortutako akordia eredu sindikal burokratiko baten emaitza da, jendearen parte hartzea mespretxatu eta mobilizatzera uko egiten dion eredu batena, hain zuzen.

ELAk akordio honen oso irakurketa ezkorra egiten du, eta akordio horrek Hego Euskal Herriko esparruan eragina izatea errefusatzen du. ELAren ustez, argi dago prekarietatea ezartzen dituen baldintzak hobetu nahi dutenentzat KPI-a ezin dela inolako erreferenterik izan behar aldarrikapenak egiteko orduan.