ELA: "CEOE-ren proposamena langileen eskubideen aurkako erasoa izugarria da"

2005/10/25

ELAko Idazkariorde Nagusia, German Kortabarriak, gogor kritikatu du CEOE-k lan erreformari buruz egin duen proposamena. "CEOE-k lan erreformaren alorrean egin berri duen proposamena enpleguaren egonkortasunaren eta langileen eskubideen aurka azkenaldian egin den proposamenik gogorrena da. Azpikontratazioa eta ETTak bezalako gaietan planteatzen diren aldaketez gain (CEOE-k horrelako praktiken aurkako murrizketa guztiak ezabatu eta enpresa nagusiak edozein arduratik libratu nahi ditu), edo gizarte segurantzaren kotizazioen murrizketa bezalako gaien inguruan planteatzen diren murrizketez gain, patronalak bere indarrak enpleguan eta kaleratzean jartzen ditu"

German Kortabarriaren ustez, proposamena langileen aurkako eraso berri bat da. "Aldi baterako kontratuak murrizteko aitzakia baliatuz, kontratazio berri bakoitzarentzako aldi baterakotasuna orokortzen du, eta, bere arrazoia edozein delarik ere, enpresak lehenengo lau urteetan kontratuak bertan behera uzteko aukera izango dute. Praktikan, patronalak lau urtetako proba-tartea ezarri nahi du, lotsagarriak diren kalte-ordainekin kontratua eteteko aukera izango dutelarik. Bestalde, urtean 45 eguneko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea bermatzen duen kontratua (42 hilerokoren mugarekin) desagertzeko zorian dagoen espezie bezala izendatzen da. Kontratu mota hori ordezkatuko lukeen kontratuak (lehenengo lau urteak gainditzen baditu) urteko 33 eguneko kalte-ordaina izango luke, gehienez ere 24 hilerokoren mugarekin. Kaleratzea mugarik ez jartzeko ildo berean, CEOEk kaleratze objektiboen kontrol judizialaren gabetzea proposatzen du, eta talde-kaleratzeetan kontrol administratiboaren ezabatzea".

CEOE-ren proposamen honek kezka sortzen du sindikatuan. "ELAk kezka handiz ikusten du CEOEk mahai gainean jarri dituen proposamenak naturaltasun osoz hartzen dituen 'elkarrizketa sozial' bat. Jokoaren arau horiek behin onartuta, argi dago CEOEk muturreko planteamenduekin gobernua presionatu nahi duela. Presio horren bidez, aurkeztu duen muturreko testua bere osotasunean izan gabe, lan kontratuen baldintzak beste behin murriztuko dituen erreforma bat onar dezan behartu nahi du CEOEk Gobernua. Egonkortasunaren eta langileen eskubideen aurka CEOEk dituen muturreko jarrerak kontutan hartuta, sindikatuekin 'elkarrizketa soziala' deitzen duten hori negoziatzen hasteko gutxieneko adostasun-guneak zein izan daitezkeen ikustea oso zaila egiten da".