ELAk, CIGk eta CSCk mobilizazioak iragarri dituzte martxoaren 25erako, lan-erreforma bertan behera uzteko eta kaleratze kolektiboak geldiarazteko

2021/02/22
Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako sindikatuek kanpaina bateratua bultzatzea adostu dute, Madrilgo Diputatuen Kongresuan egin beharreko lege aldaketak behartzeko, azken lan erreformak bertan behera uzteko eta agenda soziala indartzeko. "Langileriaren egungo pandemia eta pobretze egoera orokorrean premia are larriagoa da", azpimarratu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. "Helburua Euskal Herriko langileek gure lan baldintzak hemen negoziatu ahal izatea da, Estatutik inposatu gabe". Halaber, ERTEen amaieraren aurrean neurri berriak hartzea eta kaleratze kolektiboak saihestea eskatu du.

ELA, CIG eta CSC sindikatuek prentsaurreko bateratu batean adierazi dutenez, agenda sozial argia bultzatu behar da, pentsioen erreformak eta lan erreformak bertan behera uzteko. Mitxel Lakuntza, Paulo Carril eta Sergi Perello hiru sindikatuetako idazkari nagusiek parte hartu dute agerraldi telematikoan.

Premiazkotzat jo dute lan-erreformak indargabetzea, beren herrialdeetan lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea aitortzeko, lan-harremanen estatalizazioari hegoak eman dizkioten eta prekaritatea eta soldata baxuak larriagotu dituzten negoziazio kolektiboaren erreformak indargabetuz. Ildo horretan, Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian negoziazio kolektiboa garatzeko eta zentralizaziarekin amaitzeko aitzakiarik ez dagoela azpimarratu dute.
Ildo beretik, Lakuntzak negoziazio kolektiboaren egitura aldatzea eskatu du, hamaikagarrenez. Egitura horrek lehentasuna ematen die estatuko hitzarmenei lurraldekoei baino. Sindikatuen ordezkaritza demokratikoa ez zaie aitortzen, eta honela ez zaie onartzen edozein sektoretako lan-baldintzei buruzko akordioak ixteko aukera.

ELAren ustez, Sanchezen Gobernuko bozeramaileek erreforma bertan behera utzi beharrean aldaketa puntualak egitearen alde egindako adierazpenak, oposizioan zeudenean agindu zuten bezala, "sendotasun falta" erakusten dute eta "itxuragabekeria hutsa" dira.

Lakuntzaren ustez, "pandemiak ezin du aitzakia izan murrizketak egiteko" eta krisitik nola atera dago jokoan, enplegua salbatu ahal izateko.
Gauzak horrela, ELA, CIG eta CSC sindikatuek Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako alderdi politikoei dei egin diete lan erreforma bertan behera uzteko eta krisi honetan kaleratze masiboak geldiarazteko urratsak eman ditzaten, eta, aldi berean, martxoaren 25erako mobilizazioak iragarri dituzte hiru herrialdeetan.