HAUTESKUNDE SINDIKALAK

ELA da 2023an ordezkari gehien lortu duen sindikatua, eta Hego Euskal Herriko lehen indar gisa indartu egin da (%36,13)

2023/05/30
Hauteskundeen epealdi trinkoa bukatzear den hoentan, ELA %40,79ko langara iritsi da EAEn eta %23,24kora Nafarroan (guztira 8.920 ordezkari, abenduan baino 103 gehiago).

Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa bukatzear denean, ELAk sendotu egin du euskal langile klasean duen gehiengo zabala. 2023ko apirileko itxierako datu ofizialek diote EAEn %40,79ko ordezkaritza duela (2022ko itxieran bezalaxe), eta %23,24 Nafarroan (%0,15 gehiago). Horrenbestez, ELAk enpresetan 8.920 ordezkari ditu, iazko amaieran baino 103 gehiago, eta azken lau hil hauetan ordezkari gehien lortu dituen sindikatua izan da. Beraz, ELAk indartu egin du Hego Euskal Herriko lehen indar sindikal gisa zuen abantaila: EAEn hurrengo bi sindikatuen (LAB eta CCOO) emaitzak batuta ere ez dute haren kopururik osatzen; Nafarroan, berriz, ELA lehen sindikatu izatetik gero eta gertuago dago (UGTk baino 89 ordezkari gutxiago besterik ez ditu). Datu horien berri eman dute gaur Donostian Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak eta Joseba Villarreal Hauteskunde Sindikaletako arduradunak.

ELA Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hazi da; Araban bere gehiengo handiari eutsi dio. Gainera, Hego Euskal Herrian zehar besteekiko aldea sendotu du hiru federazioetan  (Industria eta Eraikuntzan %37,26ko ordezkaritza du; Zerbitzuak federazioan, %33,88koa, eta Gizalan-Zerbitzu Publikoetan %39,60koa). Oraingoan ere langileek sostengu oso handia eman diete ELAren hautagaiei. Gainera, nabarmendu behar da ELAko ordezkarien %41etik gora emakumeak direla, hau da, 2019an zirenak baino lau puntu gehiago. Aurrerapen horrek hauspoa ematen dio sindikatuak benetako genero ekitatearen alde eta soldata arrakalaren kontra egiten ari den lanari.

Amaia Muñoak esan duenez, “langile klaseak gehiengoz sostengatzen du ELAren apustua: lan eta bizi baldintzak hobetzea sindikatua jendearen zerbitzura jarriz, sektore eta lantokietan (pribatuetan eta publikoetan, hau da, herri administrazioetan) antolatzeko eta borrokatzeko gauza izan dadin. Lan horren emaitza dira azken hilabeteetan sinatutako lan hitzarmenak, zeintzuk baldintzarik onenak eskaintzen dituzten Gipuzkoako Metalean, Merkataritzan eta Ostalaritzan edota Bizkaiko zahar etxeetan eta Arropa Merkataritzan...”.

Datuek erakusten dute “ELA dela lehen sindikatua, eta gainera ordezkaritza gero eta handiagoa du, bere ekintzak errealitatean eragiten duelako, eta ondorioz, jendearen bizimodua zinez hobetzen delako. ELAk hauteskundeetan egunero parte hartzen du, ehunka lantokietan; hor langileek ematen dioten sostenguak eta atxikimenduak erakusten du sindikatuaren hautua egokia dela: gero eta gehiago gara, gero eta gauza gehiago lortzen ari gara”.

Sindikatuak esker ona adierazi die botoa eman eta beregan konfiantza jarri dutenei; halaber, aintzat hartu nahi du emaitzak posible egiteko ezinbestekoa den ELAko militanteen lana.