ELA da sindikatu bakarra Nafarroako foru-administrazioko esparru guztietan hautagai-zerrendak aurkezten

Foru-administrazioko hauteskunde sindikaletan posta bidezko botoan marro egiteko ahaleginaren aurka ELAk jarritako salaketa ontzat eman da, eta arbitraje-laudoak indargabetu egin du boto eskuordetuaren mota hori. Bozkatzeko modu hori Nafarroako Gobernuak ezarri zuen, Afapnaren, ANPEren eta beste korporazio-sindikatu batzuen sostengu osoaz. Gogoan izan ELA izan zela lehena iruzurrezko aukera horri aurka egiten (ez baita legezkoa gainerako hauteskunde sindikaletan, ezta beste edozein hauteskundetan ere). Horren arabera botoa eskatu ahal zen beste pertsona baten izenean, bakarrik NANaren kopia eta sinadura aurkezturik. Baina ELAk azaldutako dokumentazioa ikusita, arbitroak deuseztatu du iruzur-saiakera, laudoan agerian geratu den bezala.
Afapnak eta ANPEk abiarazitako praktika hori, zenbait esparrutan 300etik gora eskaera izan duena, deuseztaturik geratu da arbitraje-laudoaren bidez. Gainera, laudoan ezarri denez, prozesuak aitzinera jarraiki behar du, gibelera egin gabe ezein ekintzetan; beraz, hauteskunde sindikalak maiatzaren 20an eginen dira, eta bost egun lehenago bukatuko da epea posta bidezko botoa edo boto eskuordetua —notario-ahalordearekin— eskatzeko.
Laudoaren emaitzak agerian utzi du zein alde dagoen ELAren eredu sindikalaren eta beste sindikatu batzuenaren artean. Lehenengoa kontraboterekoa eta bigarrena “bultzaboterekoa”, hauteskunde-marro hori sustatu dutenekoa. Gainera, nabarmendu beharrekoa da ELA izan dela sindikatu bakarra foru-administrazioko esparru guztietan hautagai-zerrendak aurkezten, eta baita sostengu-sinadura gehien (663) lortu duena ere. Bestela erranda, Nafarroako Gobernuko langile guzti-guztiek bozkatu dezaketen sindikatu bakarra ELA da, zerbitzu eta herri guztietara iristen baita.
Beste batzuek azkar-azkar iragarri zuten hori bera, hautagai-zerrendak behin betiko aldarrikatu baino lehen; baina, zenbait zerrenda deuseztatu zirenez, agerian geratu dira zenbait siglaren ahulezia eta militantzia eza. Sarritan ordezkari sindikalarena ez da lan erraza, ezta atsegina ere; horregatik, ez dugu aise lortu zerrenda guztiak osatzea. Hala ere, ELAko hautagaiek badakite zer den ordezkari izatea, eta beren gain hartu dute konpromisoa hasieratik; horregatik onartu dute erronka bat: hurrengo hauteskunde sindikaletan ELA izatea gehien haziko den sindikatua.