Iruñeko Udalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen artean etxebizitzak egiteko sinatutako hitzarmenaren gaitzespena

2008/09/04
Iruñeko Udalak eta UGT eta CCOO sindikatuek bost hitzarmen sinatu dituzte babes ofizialeko 485 etxebizitza eraikitzeko. Eragiketa horren zenbatekoa osoa 15 milioitik gora eurokoa izango da. ELAren ustez horrelako lanak bultzatzea ez da sindikatuen eginkizuna, herri-administrazioena baizik. Horiek kudeatu eta esleitu behar dituzte babespeko etxeak, ahalik eta prozedura garbien eta zuzenenak erabiliz.

Hitzarmen horietan berriro geratu da agerian zenbateraino doazen eskutik UPN-CDN-PSN-CCOO-UGT. Berriro ikusi ahal izan dugu alderdi eta sindikatu horien arteko konplizitatea, beti ere “gizarte-elkarrizketa” delakoaren aitzakiatan.

 Batetik, Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak egiten duen bezalaxe, isilarazi nahi ditu sindikatuen kritika eta jarduera, diru-hitzarmenen bidez.

 Bestetik, UGT eta CCOO sindikatuek alde batera utzi dituzte berriro dagokien jarduera sindikala, eta diru publikoaren kudeatzaile moduan agertu dira, duten ahulezia sindikala ageri-agerian geratuz.

ELAren iritziz, horrelako jarduerak oso larriak dira, are larriagoak kontuan hartzen baditugu iraganean egindako saiakera tamalgarriak, herri-erakundeek eta sindikatuek eraikuntza-arloan burutu zituztenak.

ELAk berriz ere zabaltzen du bere deia herritar guztiek etxebizitza duina izan dezaten eskubidea aitortzeko. Era berean, etxebizitzan egiten den gastu publikoa handitzeko beharra ere azpimarratzen dugu; batez ere alokairuko babes-etxebizitza bultzatuz, eta hutsik dauden etxeak merkatura ateratzea erraztuz.