ELA: "EAEko Auzitegi Gorenaren ebazpenak arriskuan jar dezake Irakaskuntza Publikoko irakasleen egonkortasun-konpromezua"

2005/11/11

Duela egun batzuk, CCOOk aurkeztutako errekurtsoari erantzunez, EAEko Auzitegi Gorenak ebatzi duenak arriskuan jar dezake egonkortasun-akordioaren jarraipena eta itun horren babesean gaur egun diharduten 1500 irakasle bitartekoen egoera, eta inoiz egoera horretara hel daitezkeenena.

Ebazpen honek, bidenabar esateko CCOOren bi eskaera nagusiak onartzen ez dituenak, ondorio benetan larriak eragin diezazkieke irakasle egonkor guztiei. Izan ere, ebazpenean Auzitegi Gorenak hainbat irizpide ezartzen ditu gaur egungo egonkortasun-itunaren izaera bera auzitan jartzen dutenak eta aurrera begira akordioaren jarraipena guztiz baldintza dezaketenak.

Ebazpenaren irakurketatik ondoriozta daiteke, besteak beste, Auzitegi Gorenaren iritziz irakasle batek egonkortasun-izaera erdietsi eta mantentzeko ezinbestekoa duela urtero lanpostua lortzea eta honen eskakizunak betetzea. Baldintza hau zuzenean akordioaren izaera estrukturalaren aurka doa eta, ezarriz gero, gaur egungo 1500 irakasleen egoera, eta inoiz egoera horretara hel daitezkeenena, erabat aldatuko litzateke. Halakorik gertatuz gero, egonkortasun-bermea galduko litzateke eta irakasle horiek ordezkoen antzeko egoerara itzuliko lirateke.

Ebazpenak ez ditu onartu CCOOK egin dituen bi eskaerak: Dekretuak indarrean jarraituko du eta egonkortasuna galdu dutenak ez dira aurreko egoerara besterik gabe itzuliko. Horregatik, bereziki deitoragarria da sindikatu horrek aurkeztutako errekurtsoak aurretik sumatu ezin daitezkeen ondorioak eragin ditzakeen alboko kalteak sortu izana. Arazo honen aurrean ELAk beste behin adierazi nahi du akordio hau ezinbestekoa dela, bai irakasleen eta bai ikastetxeen egonkortasunerako. Zentzu horretan, ELAk dei berezia egiten dio Hezkuntza Sailari irakasleen egonkortasunari eutsi diezaion orain arteko baldintza berberetan.