ELA, El Corte Inglesek Bilboko, Gasteizko eta Eibarko dendak Aste Santuan bi jaiegunetan irekitzeko hartutako erabakiaren aurka

ELAk bide juridiko eta sindikal guztiak aztertuko ditu El Corte Inglesek bezala arduragabekeriaz jokatzen dutenei aurre egiteko, interes orokorraren eta langileen osasunaren gainetik irabazi nahia eta etekin pertsonala jartzen baitute. Halaber, dei egiten diegu herritarrei honelako jokabideei erantzun tinkoa eman diezaieten eta arduraz kontsumitu, pertsonen bizitza eta osasuna gutxisten dutenak boikotatuz.
Gaur bertan Eusko Jaurlaritzak, ohikoa ez duen moduan, eskatu du merkataritzako langileen eskubideak babes daitezela. Zehazki galdegiten du Aste Santuko jaiegunetan atseden eskubidea errespeta dadila, gure ongizatearen alde lanean ari direnen eta dendetan, supermerkatuetan eta farmazietan dihardutenen mesederako.
Bada, ELAk gobernuari eskatzen dio asmo onak agertzeaz gainera egin dezala egin beharrekoa: Ertzaintzari eta Udaltzaingoari agindua eman diezaiela beharrezko ez diren bidaiak eragotz ditzaten, bigarren etxebizitzetara joan nahian daudenak geldiarazteko egiten duen bezalaxe.