ELA-ERTZAINTZA eta Mª CRISTINA HOTELEKO LAN GATAZKA

2003/10/05

ELA-Ertzaintzaren ustez gehiegizkoa da egunero Mª Cristina hotelaren ingurura hainbeste ertzain bidaltzea. Sindikatu honen ustez Patronalaren interesen menpean jartzen da hiritarren segurtasunaren kontzeptua, ondorioz beste zerbitzu eta interes orokorreko gertakarietarako ertzain kopuru urriagoa dago.

Grebalari eta ertzainen arteko elkarbizitza bi astez egokia izan da, ez da inongo arazorik gertatu bi taldeen artean. Halere urriaren 1ean ELA-Ertzaintzak gaitzesten duen interbentzioa agindu zen. Sindikatu honen ustez, kaleratutako behin-behineko langileak sakabanatzeko agindua desegokia izan zen, gogoratu dezagun langile horiek langabezirako paperak eskatzeko asmoz, lurrean zeudela eserita protesta egiten inolako istilurik sortu gabe.

Sakabanaketaren ondorioak (zauritutako eta atxilotutako langileak) ez datoz bat gertakariaren proportzionaltasunarekin, eta ordenu publikoarekin zerikusirik ez duten interesei erantzuten diete. Emandako agindua, trebezi eza eta era baketsuan bere eskakizunak egiten dituzten kolektiboei aurre egiteko formazio ezari gehituta, ekidin nahi zen kaltea baino oker handiagoa ekarri zuen.

Ertzainok ere lan gatazka larriak ditugu, bai segurtasunaren alorrean baita soldaten alorrean ere, beraz kaleratutako langile horien etsipena ez zaigu ezezaguna gertatu behar. Zentzu horretan ErNEk kaleratutako prentsa oharrak Ertzaintzak gainontzeko langileekin duen erlazioari ez dio batere mesederik egiten.

ELA-ERTZAINTZAk Ertzaintzako langileak defendatzen ditu eta defendatuko ditu, baina ez dio babes sindikalik emango bidegabeko eta neurriz kanpoko aginduei, honek Departamenduaren pozerako, gainontzeko langileengandik urruntzen gaitu eta mesfidantzak eta ulertezintasunak sortzen ditu.

Azkenik aipatutakoarekin bat eginda, aginduen ondorioz eman ziren gertakarien erantzuleak bilatzea eskatzen dugu.