Ertzaintza
ELA-Ertzaintzak deitoratzen du Tolosan gazte batek zauriak jasan izana eta eskatu du ikerketa bat egin dadila gertatutakoa argitzeko
Igande gauean Tolosako Inauterietan gertatu zena ikusirik, ELA-Ertzaintzak bere elkartasuna adierazio dio ertzainek erabilitako istiluen aurkako materialaren inpaktuak zauritu zuen gazteari, eta espero du lehenbailehen osatzea, egingo dioten ebakuntza ondo joan dadila eta ondorio larririk ez dezala izan, ez ikusmenean, ez begian.
ELA-Ertzaintzak Segurtasun Sailari eskatu dio argitu dezala ertzaintzaren jarduketa eragin zuen egoera, eta lehenbailehen ekin diezaiola ikerketa bati, baita har ditzala ere bere esku dauden erabakiak halakorik berriro gerta ez dadin.
Bestalde, ELA-Ertzaintza ez dator bat ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek zabaldu zuten oharrarekin; batetik, zaurituarekiko oso enpatia gutxi adierazi dute, eta bestetik, Ertzaintzaren ekintza ororen defentsa itsua egiten dute; horrek eragiten du Ertzaintza gero eta gehiago aldentzea zerbitzua eskaini behar dion gizartetik. Jarrera korporatibo horiek sortzen duten arbuioak gerora Ertzaintzaren jarduketa eragozten du. Izandako ekintzak gardentasunez eta independentziaz ikertzea da jarduera polizialarekiko konfiantza pizteko modu bakarra, eta lan polizial prebentiboa egiteko aukera ematen duena.
ELA-Ertzaintzaren iritziz, istiluen aurkako materialaren erabilera saihestu ahal izango zen komisarietan ertzain nahikoak izanda. Segurtasun Sailak ertzainen gabezia istiluen aurkako materialarekin osatzen du. Horregatik, eskatzen dute alda daitezela jardunbide protokoloak eta komisarietan ertzain kopurua handitu dadila, prebentzio poliziala lehenesteko.