ELA-Ertzaintzak Kukutzaren uztaraztea dela-ta, erabiliak izatearen ezadostasuna azaldu du

2011/09/23
Oraingo honetan Bilboko Errekalde auzo eta inguruetako gehiengo biztanleen erabateko aldekotasuna duen Kukutza propiektuaren kasuan gerta izan den bezalako gatazketetara eramaten gaituzten erabakiekin ezadostasuna adierazi nahi du ELA-Ertzaintzak.

Enpresa pribatuetako nagusien interes soilen babeserako politikoek harturiko erabakiekin, Ertzaintzako arduradunen kobertura osoz, ertzainak erabili egiten gaituzte honelako operatiboetara behartuz. Horretaz gure ezadostasuna agertu nahi dugu.

 

Gure babesa izan behar luketeen gizartekideengandik aldendu eta zenbait kasutan aurka ere jartzen gaituzten ertzaintza eredurantz garamatzate.  Espekulazio eta espekulatzaileen onurako erabiltzen gaituzten eredu hau al da Ares jauna eta bere taldekideek finkatu nahi dutena?

 

Goizaldeko ordutan aritzeaz,  erabilitako jendeaz, edota tresneriaz,  komunikabideei emandako jokuaz,… ez gara, orain, hikamikan arituko, baina bai argi hitzeginez zera salatzen dugu: Beste hainbat iharduerei honelakoak gehituz,  gizartekideen mespretxua, urruntasuna… jasotzera daramate Ertzaintza, ondorioz jendearentzat talde errepresibo hutsa bihurtzen ari garelarik.

 

Ez dugu ahazten ertzainak, beraz poliziak, garela, berorrek suposatzen duenarekin. Horrexegatik gure nekadura  kaleratu nahi dugu, erabiliak  izatearen ezadostasuna azalduz. Zer nolako interes, diruzkoak  edota beste era batekoak, izan ditzakete arazorik sortzen ez zuen  Kukutzara bidali gaituztenak,  epaile beraiek ere oraindik azken erabakirik hartu gabe zeudenean?

 

Zenbait gertaeretan ikusten diren ihardueraz guztiok, banakako zein taldeko  hausnarketa egin beharra izango dugu. Profesionalak garenez  ondo dakigu  honelako ekintzetan zenbat gauza gerta daitezkeen,… baina galdera berbera berresten dugu: Zer nolako interesak babesten dituzte auzo oso baten aurka jarri gaituzten  mandatari horiek?