ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek EAEko aurrekontu neoliberalen aurkako jardunaldi sindikala egin dute gaur Bilbon

2005/12/21

ELA, ESK eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariek Eusko Jaurlaritzak onartu berri dituen aurrekontuen aurkako jardunaldi sindikala egin dute gaur goizean. Hiru sindikatuetako ordezkariek Jaurlaritzaren aurrekontuak aztertu dituzte goizean Euskalduna Jauregian. ELA, ESK eta STEE-EILAS-eko kideek azpimarratu dutenez, "aurrekontuak neoliberalak dira oso, eta ez dute inondik inora gizarte gastuetan behar adina inbertitzen. Gabeziak arlo guztietan daude: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gastu eta laguntza sozialak... Horren aurrean, Jaurlaritzak propaganda besterik ez du erabiltzen. Ez dute euren aurrekontuen benetako eztabaida bat egin nahi; gabezia guztiak propogandarekin estaltzen dituzte".

Ondoren, mila bat lagunek manifestazioa egin dute. Manifestariek Jesusen Bihotza plazatik hasi eta Eusko Jaurlaritzak Gran Via lakean duen egoitzaren ingururaino joan dira.

ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietaren interbentzioaren laburpena

Aurrekontuen irakurketa kritikoa egiten dugu. Aurrekontuen arlo ezberdinek (hezkuntza, osasuna, etxebizitza, oinarrizko errenta...) aurrekontuen izaera neoliberalistaren benetako perfila ematen digute. Hala ere, guk ez dugu soilik kritika egiteko borondaterik. Jaurlaritzari hainbat proposamen egin dizkiogu; eta proposamen horiek betetzea posible da, Europako Batasuneko herrialde ezberdinen ereduak hartzen dituelako oinarri bezala. Hala ere, Lehendakariak ez du nahi izan gurekin gai honen inguruan eztabaidatu.

Gure ekimena ez da gaur bukatzen. Datorren urtean hainbat kanpaina eta ekimen eramango ditugu aurrera. Gure hausnarketa langile guztiei zabaltzeko asmoa dugu.

Ezin dira eraikuntza nazionala eta gizarte eraikuntza bereiztu. Sindikatuak garen aldetik, eraikuntza nazionalera egin diezaiokegun ekarpenik handiena langileriaren sektore zabalak bilduko dituen gizarte eredu sozial bat exigitzea izango da. Ez dago nazio eraikuntza aurrera eramaterik neoliberalekin.