HAUTESKUNDE SINDIKALAK

ELAk bere burua eskaintzen du Osakidetzaren alternatiba gisa Gobernuak, patronalak eta hainbat sindikatuen diagnostikoaren aurrean

2024/11/15
ELAk gaur osasungintza publikoaren inguruko txosten bat aurkeztu du; bertan Osakidetzak dituen arazoen diagnostiko bat jasotzen da, baita kalitatezko osasun-sistema publikorantz jotzeko egiten dituen proposamenak ere.

TXOSTENA IRAKURRI

Prentsaurrekoan hitz egin dute Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak, Esther Saavedra ELA-Osakidetzako arduradunak eta Aitor Murgia Azterketa Bulegoaren buruak.

Inbertsio urriak Osakidetza okertzen du eta osasungintza pribatuari atea irekitzen dio

Aitor Murgiak azaldu zuenez, ELAk eskatzen du administrazioak osasun-sistema publikoaren alde benetan egin dezan. Osakidetzan izan den inbertsio gabezia jarraitua 2025eko aurrekontu-proiektuan ere agerian geratu da, hau soilik % 0,35 handituko baita 2024ko aurrekontu eguneratuaren aldean, hau da, ekonomia oro har (BPG) edota inflazioa (KPI) baino askoz ere gutxiago. Inbertsio maila apal horren ondorioz EAEko osasuneko gastu publikoa da EB-27ko batez besteko maila baino 2.000 milioi euro txikiagoa.

Horren emaitza da lehen arretan kalitate galera handia gertatzen dela. Osakidetzan kontsulta ez presentzialek egundoko pisua dute (kontsulta guztien % 40 dira), itxaron zerrendak gero eta luzeagoak dira, eta batez beste kanpo kontsulta bat izaterako 82 egun joaten dira, edo 62, ebakuntza kirurgiko baten kasuan. Gainera, azken urteetan egin diren langile murrizketak finkatu egin dituzte; udan, Aste Santuan eta Gabonetan ez da ordezkapenik egiten. Hain zuzen ere, medikuen ratioa ELGEko (OECD) herrialdeetan baino heren bat txikiagoa da, eta erizainena, berriz, erdia.

Lehen arreta egoera benetan larrian dago. “Sistema publikoak erantzuten ez duenean –ohartarazi du Murgiak–, osasun pribatuaren negozioari bide ematen zaio. Hainbat etengabeko arreta gune (EAZ edo PAC) ixteak, itxaron zerrendek edota osasun zentroetako ordutegien murrizketak aseguru pribatuen hazkundea dakar”.

Hauteskunde sindikalen aukera

Esther Saavedra ELA-Osakidetzako arduradunak gogoratu zuenez “kalitatezko zerbitzu publiko bat izateko ezinbestekoak dira lan-baldintza onak. Osakidetzan enpleguaren ezaugarri nagusiak dira % 54ko behin-behinekotasuna (aldiz, sektore pribatuan batez besteko maila % 19,8koa da), % 14,6ko partzialtasuna, eta erosahalmenaren % 20ko galera 15 urtean”.

Arazo estruktural hauek gorabehera, “Osakidetzako lan-baldintzen Akordio Arautzailea duela 15 urte ez da berritu, eta ez dago negoziatzeko kulturarik; inposizioa ohikoa da”. Horrenbestez, Saavedrak aipatu zuen datorren azaroaren 28an izango direla Osakidetzako hauteskunde sindikalak. Azkenekoz duela 10 urte baino gehiago izan ziren; orain langileek 361 ordezkari hautatuko dituzte, egun direnak baino 45 gehiago. ELA da esparru guztietan hautagaiak aurkeztu dituen sindikatu bakarra. Zehazki 1.600 hautagairen sinadurak bildu ditu.

“ELA klase-sindikatu bat da –nabarmendu zuen Saavedrak– eta hauteskunde sindikal hauetara doa sinesmen batekin: kategoria guztiak dira beharrezkoak Osakidetzak bere zerbitzua eman ahal dezan. Eta uste dugu osasungintza publikoa bere onera etorriko dela kolektibo guztien lan-baldintzen hobekuntzatik abiatuta”.


Osasun Itunak ez du Osakidetzan funtsezko aldaketarik eragingo

Amaia Muñoa sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak esan zuenez, “ELAk Lehendakariaren proposamena zela eta esan zuen moduan, Osasun Itunaren planteamenduak bateraezina egiten dute osasun-sistema publikoaren hobekuntzarekin. Izan ere, foro horretan ontzat eman duten diagnostikoak esan nahi du ez dela sakoneko aldaketarik eragingo”. Mahai horretan landu den dokumentuak “ez du azaltzen Osakidetza zergatik dagoen gainezka, edota zergatik ez den kalitatezko osasun arreta eskaintzeko gauza. Gainera, ez da proposatzen lantaldearen prekarizazioari nola ekingo zaion. Gaurko egoeraren zergatiak analizatu ezean –erantsi zuen Muñoak– ez dago arazoak konpontzerik”.

Hartara, Muñoak honakoa azpimarratu zuen: “tamalez, argi geratu da ekinbide honek zerikusi handiagoa duela irudiarekin eta ez hainbeste errealitatearekin: Eusko Jaurlaritzaren propagandarako foro bat sortu da, eta hor gobernuari legitimazioa ematen diote beste organizazioek, besteak beste sindikatuek; hauek Confebaskekin, PP rekin eta unibertsitate pribatuekin diagnostiko bera partekatu dute”. Aitzitik, ELAk bere diagnostikoa egin du, “eta horrekin joango da hauteskunde sindikaletara, beste eragileek Jaurlaritzarekin batera ontzat eman duten testuaren alternatiba bakar moduan”.

Muñoak azaldu zuenez, Osakidetzak dituen arazo estrukturalei aurre egiteko ELAk taxuzko erabakiak galdegiten ditu “Osasun sailean Eusko Jaurlaritzak egiten duen inbertsioa handitu dezan, Europar Batasuneko batez besteko mailarekin parekatzeraino (2.000 milioi euro); lehen arreta eta buru-osasunarena hobetzea; itxaron zerrendak murriztea, baita Osakidetzako langileen behin-behinekotasuna % 8raino jaitsiaraztea ere (europar zuzentarauak agintzen duen moduan), eta haien lan-baldintzak hobetzea”.