ELAk estatalizazioa aztertu du Madrilen PSOE, Unidos Podemos, EH Bildu, PdCAT eta ERC-rekin

2018/10/18
Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusia, Pello Igeregi negoziazio kolektiboko arduraduna eta Amaia Aierbe zerbitzu juridikoetako arduraduna Madrilen izan dira Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten hainbat alderdirekin negoziazio kolektiboaren estatalizazioa aztertzeko. ELAko ordezkariak PSOE, Unidos Podemos, EH Bildu, PdCAT eta ERCen talde parlamentarioekin bildu dira.

ELAren iritziz eskari hau bidezkoa eta demokratikoa da. Bidezkoa, Hego Euskal Herrian lan-baldintzak hobetzeko baliagarria delako, eta demokratikoa, euskal gehiengo sindikalak espainiarrengandik desberdinak direlako, eta aintzat hartu behar direlako. Horregatik esaten du ELAk errespetatu behar direla joko-arau demokratikoak eremu sindikal, sozial eta politikoan, Lan Harremanen Euskal Markoa gauzatuko bada. Askatasun sindikalerako eskubidea ez da benetan gauzatzen negoziazio kolektiborako ahalmena bermatzen ez bada.

ELAren ustez, lan erreforma baten inguruko eztabaida hastea aukera bilakatu behar da ezarritako erabaki atzerakoiei heltzeko; Langileen Estatutua oro har eztabaidatu behar da, baita 2010ean eta 2011n sartutako lege-erreformak ere, zeintzuk lan-baldintzak okertzeko xedea zuten. Soldatak beheratzeko estrategia horren baitan sektoreko lan-hitzarmen probintzialei lehentasuna kendu eta negoziazio kolektiboaren estatalizazio prozesua erraztu zen.

Horregatik, lan-hitzarmen sektorialaren lehentasuna, beste gai batzuk ukitu gabe, esaterako enpresek hitzarmena ez aplikatzeko duten ahalmena edota estatuko hitzarmen kaskarren erreferentzia, soldatak beheratzeko estrategiari eustea litzateke. Sindikatuaren ordezkariek salatu egin dute patronalak, UGTk eta CCOOek daramaten estrategia: estatalizazioaren bidez eragotzi egin nahi dute euskal langileek beren lan-baldintzak erabakitzeko aukera.

1994an antzeko egoera bat bizi izan genuen. Orduan ELAk EAJrekin elkar hartuta lan egin zuen. Lankidetza hari esker EAJk Senatuan ELAk proposatutako zuzenketa bat sartu zuen eta, jeltzaleen botoak ezinbestekoak zirenez edozein erreforma aurrera ateratzeko, artikulu hura onartu egin zen. Gero, 2011n Zapaterok indargabetu egin zuen artikulu hori. Gaur ELA berriro prest dago Sanchez izendatzea posible egin zuten alderdi guztiekin lan egiteko, Euskal Herriko langileei zor zaien lan-baldintzak negoziatzeko eskubidea bermatze aldera. Egoera antzekoa da, eta irtenbidea ere antzekoa izatea nahi dugu.

Azkenik, sindikatuak talde parlamentarioei eskatu die beren gain har dezatela negoziazio kolektiboa Euskadin erabakitzeko aldarrikapena: Ez dago autogobernurik negoziazio kolektiborik gabe; ez dago autogobernurik euskal eremuko lan-hitzarmen sektorialen eragina deuseztatu edo eragozten bada.

Zoritxarrez, gaur arte, saiatu arren, ELAk ezin izan du EAJrekin bilera bat egiteko hitzordurik jarri. Gure eskaria berriz luzatzen diogu, bilera hori egin dezagun. 1994an ELAk oso iritzi positiboa adierazi zuen EAJk Madrilen egin zuen lana zela eta, hari esker euskal negoziazio kolektiboak aplikazio-lehentasuna lortu baitzuen Estatuan egiten denarekiko.

Balizko lan-erreforma bati buruzko ELAren proposamena