iberdrola

Langileak KPIaren araberako soldata igoera bermatuko duen hitzarmen baten alde mobilizatu dira

2025/02/24
Iberdrolak uko egin dio hitzarmen propio bat negoziatzeari, eta estatuko hitzarmena ez du berritu nahi, KPIaren araberako soldata igoeraren bermerik gabe.

Iberdrolako langileek ELAk deitutako manifestazio baten bidez salatu dute langileek erosteko ahalmena galdu dutela eta enpresak ez duela hitzarmena berritzeko borondaterik. ELAk “onartezintzat” jo du, enpresak 5.500 milioiko irabaziak izan arren, plantillak erosteko ahalmena galtzen jarraitzea.

Azken hitzarmena 2021ean sinatu zen, eta ordutik plantillak % 16ko soldata galera pilatu du. Horregatik, ELAk Euskal Herriko lan baldintzak arautuko dituen hitzarmen bat negoziatzea eskatzen du, KPIaren araberako soldata berrikuspena txertatuko duena. Hala ere, Iberdrolak uko egin dio EAEn eta Nafarroan negoziatzeari (ELAk gehiengo osoa du bertan), eta estatuko hitzarmena soldata hobekuntzen bermerik gabe mantentzearen alde agertu da. ELAk azaldu du horrek erosahalmenaren galera handiagoa ekarriko duela, eta enpresako zuzendaritzari eskatu dio lan-baldintzak hobetzeko, etekinen arabera.