ELA eta BIZI Iparraldeko eragile sozialak mobilizazio bateratuak egingo dituzte ekainean

2012/05/30
ELA eta BIZI Iparraldeko eragile sozialak mobilizazio bateratuak egingo dituzte ekainean
ELA eta BIZIko ordezkaritzak proposamen bateratuak egingo dituzte ekainaren 20tik 22ra Rio de Janeiron Ingurumena eta Garapen Jasangarriaren inguruko Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Goi Bileran, dagoeneko Rio+20 bezala ezagutzen dena. Garapen eredu jasan ezin honetan gutxi batzuen irabaziak gehiengoaren ongizatearen gainetik daude, merkatua bizitzaren gainetik jartzen duela, salatu dute.

 

ELA eta BIZIKO ordezkarien esanetan, 20 urte pasa dira 1992an Rio de Janeiron bertan Lurraren Goi Bilera ospatu zela. Orduan ikuspuntu ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa integratuko zituen garapen jasangarriaren oinarriak ezarri ziren. Hemendik atera ziren Agenda 21 edo Klima Aldaketaren aurkako Konferentziak. Baina 20 urteren ondoren NBEak antolaturiko konferentziak eta herrialdeen arteko negoziazioek sinesgarritasun osoa galdu dute.

“20 urte hauetan benetako jasangarritasuna bultzatu beharrean hitza bera erabili da kapitalismoa eta eragiten dituen gizarte eta ingurumen kalteak ezkutatzeko. Munduko populazioaren gehiengoaren ongizate maila beherantz doa eta ingurumenaren egoera atzeraezineko egoerara iristen ari da. Hau da kapitalismoak duen hazkunde amaigabearen nahiaren ondorioa”,azaldu dute.

NBEren goi bilera ofizialerako aurreikusten den gai zerrendan “ekonomia berdea” deritzana da ildo nagusia, hau da sistema ekonomiko berdinarekin jarraitzea baina itxura berdea emanez, ezer aldatu gabe azken finean. Negozioa egiteko beste aukera bat multinazional handientzat. Ekoizpen eta kontsumo eredu kapitalistak eragin duen eta planetak eta bertan bizi garenok sufritzen dugun krisi globalari aurre egiteko irtenbidea ez da hau.

Horregatik proposamen eta alternatiba berriekin egin behar da aurrera, benetako justizia soziala eta ingurumen justizia suposatuko dutena, argitu dute. Alternatiba hauek “Justizia Soziala eta Ingurumen Justiziaren aldeko Herrien Goi Bilera” aurkeztuko dira. “Bilera alternatibo hau Rio de Janeiron ekainaren 15 eta 23 bitartean ospatuko da. Hondamendira garamatzan sistema kapitalistari aurre egiteko benetako irtenbideak eskaintzeko egingo da”.

Bertan gizarte mugimendu eta izaera ezberdineko hainbat eragilek parte hartuko dute, baita ELAk eta Bizik ere. Bi erakundeen lanaren helburua berdez mozorrotu nahi duten kapitalismoaren makinaria ankerrari aurre egitea eta benetako justizia soziala lortzea da. Pertsonen eta ingurumenaren arteko oreka berreskuratzea ahalbideratuko duten alternatibak bilatu eta exijituko ditugu. Badaude alternatibak eta orain da momentua hauek martxan jartzeko, bestela beranduegi izango da denontzat. Berandu baino lehen.

Bizik eta ELAk, mundu osoko beste eragile, sare eta erakunde askorekin batera, “Gure eskubide eta ingurumenaren eskubideen defentsan, eta bizitzaren merkantilizazioaren eta kapitalismoa berdez margotzearen aurka” ondorengo puntuetan oinarritzen den manifestua sinatu dute:

  • Herrien Asanblada honen helburua, iraunkorra ez den garapen eredu hau zabaltzeari aurre egiten diotenen ahotsak entzutea da. Garapen eredu jasan ezin honetan gutxi batzuen irabaziak gehiengoaren ongizatearen gainetik daude, merkatua bizitzaren gainetik jartzen du.

  • Sufritzen dugun krisi mundialak izaera ekonomiko, sozial, eta ingurumenekoa du, sistemikoa da beraz. Honen aurrean gobernuen aldetik dagoen erantzun egoki ezak eta enpresa multinazionalek negoziazio multilateralen gainean duten botereak, espazio berri hau sortzeko beharra dakar. Espazio propio bat, anitza, demokratikoa eta autonomoa izango dena eta mezu indartsua bidaliko duena.

  • RIO+20 konferentzia ofiziala soluzio faltsuen jaia izango da, kapitalismoa berdez janztea ezer aldatu gabe, eta horren aurrean benetako irtenbideak bilatzea izango da Herrien Goi-bileraren erronka. Irtenbide hauek jada eraikitzen ari gara herrietan, lantokietan, auzoetan edota eskoletan.

  • Gure erronka Herrien Goibileran ekonomia eta gizarte justu eta ekitatibo bat eratzea izango da, kapitalismotik urrun eta ingurumenarekin oreka mantenduz.

BESTEAK BESTE, MOBILIZAZIO HAUEK DAUDE PROGRAMATUTA
Ekainaren 5ean, asteartea, Ingurumenaren Munduko Eguna dela-eta, Via Campesina mugimenduak egin duen deialdiarekin bat eginez, Bizi!-k eta ELAk mobilizazio ekitaldi bat antolatu dute Bilbon. Goizeko 9.30etan desazkundeari buruzko hitzaldi bat izango da, honako hizlariekin: Yayo Herrero (Ecologistas en Acción), Esther Vivas (Izquierda Anticapitalista) eta Adrien Kempf (Bizi!). 11.30ak aldera elkarretaratze bat egingo da Iberdrolaren egoitza aurrean.

Baionan, arratseko zortzietan, Bizi!-k eta ELAk hitzaldi bat emango dute, honako gaiarekin: "Naturak ez du preziorik: kapitalismo berdearen arriskuak". Hizlariak, Ainhara Plazaola (ELA), Bart Camedescasse (Bizi!) eta Geneviève Azam (Attaceko kontseilu zientifikoa).

Rio +20 goi-bilerarekin batera, hainbat mobilizazio izango da Euskal Herrian:

Ekainaren 20an, ekintza eguna izango da, gizarte-justiziaren eta ingurumenaren alde, bizitzaren merkantilizazioa salatzeko eta ondasun komunen defentsa aldarrikatzeko.
Ekainaren 21ean, arratsaldeko lauetan, duplex konexio bat egingo da Rio, Bilbo eta Baiona artean, eta ELA zein Bizi!-ko delegazioek goi-bieraren berri emango dute.
Arratsaldean Baionan batukada handi bat egingo da kaleetan zehar.

Ekainaren 22an beste mobilizazio batzuk ere antolatuko dira.

  •