ELA eta CIG sindikatuek bi eguneko bilera egin dute Bilbon

2009/11/11
Euskal Herriko ELA eta Galizako CIG sindikatuetako bi delegaziok, Adolfo Muñoz eta Suso Seixo idazkari nagusiak buru direla, laneko bilera egin dute Bilbon azaroaren 10 eta 11n.

Bileran bi herrietako egoera politiko, sozial eta ekonomikoa aztertu dute, eta sindikatu bakoitzak duen laneko planaren berri eman diote elkarri, eta esperientziak partekatzearekin batera balantzea ere egin dute.

ELA eta CIG bat datoz sindikalismoari eragiten dioten gai nagusiei buruzko iri-tzian. Besteak beste, honako puntuak jorratu dira bi egunetan:

1.      Jasaten ari garen krisia ekonomikoa ez ezik politikoa ere bada. Politikak bere burua kapitalaren eta enpresen interesen zerbitzutara jarri du.

2.      Krisi betean gaudelarik, benetan agintzen dutenek -krisiaren eragileek-, erabaki dute krisiaren ondorioak ahulenek ordainduko dituztela; gobernuak interes horien menpeko bihurtu dira.

3.      Administrazioen zerga- eta aurrekontu-politika neoliberalei kritika egiten zaie. Politika horiek erakusten dute liberalismoari eutsi egiten diotela eta erabaki estrukturalik ez dutela hartu nahi, betikoen pribilegioak zalantzan jarri edota egoerarik okerrenean daudenen beharrizanak ase-tze aldera.

4.      Patronala, administrazioen onespenaz, nahi adina lanpostu ari da ken-tzen, eta ezin merkeago, gainera. Zalantzarik gabe, azken 30 urteetan izan diren krisietatik merkeena  da hau ugazabentzat.

5.      Bi sindikatuek uste osoa dute jarraitu egin behar dela aldarrikatzen eta gizartea mobilizatzen. Ukatu egiten dute “paktismo soziala”, honen xedea sindikalismoa ajuste politiketarako tresna bilakatzea baita, zeharo burokratikoa eta langile-klasearen zinezko interesetatik urrun dagoena.

6.      Espainiar estatuan “paktismo sozial” horren asmoa zentralizatzea da. Hain zuzen, bi sindikatuak kezkatu egiten ditu Madrildik datozen erreforma hotsak. ELAk eta CIGek uste dutenez, “paktismo soziala”ren helburua, beste batzuren artean, negoziazio kolektiboa zentralizatzeko bitartekoa izatea da.

  1. Krisi ekonomiko eta politiko honen erdian, berretsi egiten dute Galiza eta Euskal Herriaren subirania politikoa indartzeko beharraren aldarrikapena; krisi honi bi herrien errealitate ekonomiko eta sozialaren arabera aurre egiteko aukera emango duten eskumenak bereganatu behar dira, betiere langile-klasearen interesen esanetara.

Alde biek etorkizunean ere honelako harremanei eusteko asmoa adierazi dute, estrategiak eta gogoetak parteka ahal daitezen. Sindikalismoak gaur egun honen behar handia baitauka.