ELA eta Galiziako CIG-k erreformaren aurkako arrazoiak azalduko dituzte Madrileko Kongresuan
Bi sindikatuetako arduradunek erreformaren aurkako idatzia banatuko diete alderdi parlamentarioetako ordezkariei.
Sindikatuen esanetan, jokoan garrantzi handiko gauza asko dago, langile-klasearentzat eta gizarte guztiarentzat, batik bat talderik ahulenentzat. Gauza bat argi dago: Eskubide laboral eta sozialek ez daukate zerikusirik krisiaren jatorriarekin, baina ebidentzia hau gorabehera, egiten den politikak eskubide horiei ordainarazi nahi die krisia. Jokabide hau injustizia nabarmena da.
Baina larria ez da hori bakarrik. Eskubide laboral eta sozialei eraso egiteko erabakiak ez dio onik egiten ekonomia errealari; aitzitik, egoera ekonomikoa zeharo okertzen du, krisiari irtenbide solidarioa emateko aukera galarazten du, eta jende asko pobrezian eta bazterketan erortzea eragiten du. Greba orokorra aski dela esateko egingo dugu, zentzurik gabeko joera hau geldiarazteko eta ez hanka ez bururik ez duen egoera hau amai dadin; bestelako ikuspegi bat indartu nahi dugu, eta hau gizarteratzea ezinbestekoa da.
Bestalde, zor eta defizit publikoa aprobetxatu egiten dira doikuntza estrukturalen agenda errazago zuritzeko. Neoliberalismoaren aspaldiko errezetak, zeinak munduko beste eskualde batzutan hondamendi itzelak eragin dituzten, Europan ere gogotsu ari dira ezartzen; Europak makalik zegoen eta fama txarra zuen Nazioarteko Diru Funtsa berpiztu du. Hau da Europak hartu duen rola, ia klase politiko guztiaren babesarekin.