ELA eta LAB-en hautagaia betatu dute

2002/04/08
ELA eta LAB-ek Eusko Legebiltzarreko Lehendakariari bidalitako gutuna
EUSKO LEGEBILTZARREKO LEHENDAKARIARI Legebiltzarrak luzatu zigun eskariari erantzunez, otsailaren 13an ELA eta LAB sindikatuok erakunde honi jakinarazi genion Txema Ramírez de la Piscina Martínez proposatzen genuela EITBko Administrazio-Batzordeko kide izendatzeko. ELAk eta LABek proposatutako irakasle hau kargurako ezin egokiagoa da, izan ere komunikazio alorrarren inguruko gaiei buruz egin baititu bere ikerketa, irakaskuntza eta argitalpenak. Komunikabideetan aditu dugunez, Legebiltzarrak martxoaren 27ko bilkuran EITBko Administrazio-Batzordeko kide berri izendatu dituen horien artean gehiengo sindikalaren hautagaia ez sartzea erabaki du. ELA eta LABen aburuz erabakiak ez du justifikaziorik, eta Euskal Irrati Telebistari buruz Legebiltzarrak berak onetsitako legearen aurka doa. Hain zuzen, martxoaren 27ko 8/1998 legearen arabera ezarri zen EITBren Administrazio-Batzordearen aldakuntzaren xedea, zioen adierazpenak dioenez, Administrazio-Batzordean “Euskal Autonomia Erkidegoko kultura- eta gizarte-arloko talde eta erakunde garrantzitsuen ordezkariei” lekua ematea omen da. Aipatutako Batzordeko kideen izendapenerako proposamenak egiteko eskubidea honako “talde eta erakunde” hauei aitortzen die legeak: a) Euskaltzaindia, b) Eusko Ikaskuntza, c) Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, d) Euskal Herriko Unibertsitatea, e) Proposamena egiterakoan EAEn ordezkari gehien duten sindikatuak, f) EAEko kontsumitzaile-elkarteen federazioak. EAEko gehiengo sindikal handiaren proposamena baztertzea (ELAk eta LABek ordezkaritza handieneko sindikatuen artean %62tik gorako ordezkapena dute) ez dirudi “Autonomia Erkidegoko kultur- eta gizarte-esparru ezberdinetako talde eta erakundeen ordezkariei” lekua emateko modurik egokiena denik. Ukapen hau medio Legebiltzarrak lan munduari ahotsa kendu dio; alabaina, lan munduak sindikatuen bidez Legebiltzarrak onetsitako proposamenak egin dituen beste zenbait erakunde eta esparruk baino antolakuntza eta ordezkaritza maila agian askoz handiagoa frogatua du. ELAren eta LABen iritziz, Legebiltzarreko indar politikoek eta, hartara, Legebiltzarrak berak, betoa ezarri diote eurek egindako proposamenari. Aniztasun politiko eta ideologikoa zapuzten duen beto honekin Legebiltzarrak erabaki arbitrario eta sektarioa hartu du, gehiengo sindikalaren irizpidearen ordez berea erabili du, eta Eusko Legebiltzarreko 8/1998 legearen beraren arabera gai honetan dagokion betekizun instituzionala bazter utzi du. Eusko Legebiltzarreko lehendakari zaren aldetik, bi sindikatuok protesta bizia adierazi eta arren protesta honen berri talde politikoei eman diezaiezula eskatzen dizute. 2002ko apirilaren 4an. ELA eta LAB