Bizkaiko Metalaren Merkataritza

ELA eta LAB 2019tik iraungita dagoen hitzarmena lortzeko mobilizatu dira

2024/12/03
Hitzarmena iraungita dago 2019ko abenduaren 31tik.

ELAk eta LABek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko CRL-PRECOren aurrean, Bizkaiko Metalaren Merkataritzaren eraldaketari egokituko zaion hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. 2019ko abendutik, hitzarmena bertan behera geratu da, eta lan baldintzak arautzen dituen negoziazio mahaia 2024ko maiatzean eratu bazen ere, ez da inolako aurrerapenik egin. Sektorean 9100 pertsona inguru ari dira lanean, horietatik 2900 emakumeak.

Negoziazio Mahaia eratu zenetik, patronalak elementu atzerakoiak planteatu ditu, hala nola garraio plusa etetea, bajen osagarrian murrizketak edo antzinatasun plusaren mugak ezartzea. ELAk eta LABek argi dute ez dutela onartuko erosahalmenean %20 inguruko galera duen kolektiboaren baldintzak okertzea. Hurrengo hitzarmenak KPIari lotutako soldata igoerak, lanaldi murrizketak edo subrogazio eskubidea, mantentze irteerak eta abar jaso beharko ditu. Beharrezkoa da hitzarmen berria sektorearen eraldaketara egokitzea.