Nafarroako Kimiketako hitzarmena
ELA eta LAB patronalak egin beharreko lanketa bizkor dezan exijitzeko mobilizatuko dira

Otsailaren 23ko eta 26ko bileretan sindikatuek 25 lantegitako batzordeetako hitzarmenaren aldeko atxikipenak aurkeztu zituzten (Icer Rail, Lozys, CINFA, Viscofan, Maier Navarra...) eta horren inguruan solastatzeko beraien prestasunaren inguruan galdetu zioten patronalari. Tamalez, erantzuna ez zen baiezkoa izan; enpresa desberdinetan galdetuko zutela erran zuten eta horren esperoan dira sindikatuak orain. Hala eta guztiz ere, CEN patronalak aitzindu zuen, beraiek dakitenaren arabera, enpresak eroso daudela hitzarmen estatalarekin; gogoratzekoa da Espainiako hitzarmen horrek %1 (2021), %2 (2022) eta %2ko (2023) soldata igoera xumeak ezartzen zituela, bertze eduki eskasekin batera.
Gauzak horrela, ELA eta LAB ez dira geldirik egonen eta Nafarroako Kimiketako hitzarmen duinaren aldeko aldarrikapena karrikara aterako dute. Martxoaren 1ean, 10:30ean, elkarretaratzea eginen dute CENen Iruñeko egoitzaren aitzinean eta bertan, batetik, patronalari exijituko diote bizkor dezan berak egin beharreko lanketa eta, bertzetik, UGTren eta CCOOen jarrera salatuko dute, bi horiek Nafarroako hitzarmenaren aurka agertu duten jarrerak guztiz baldintzatzen baitu oraingo egoera.
Beraien lan baldintzak hobetzea eta gauzak Nafarroan erabakitzea nahi duten Kimiketako langileei dei egiten diete ELAk eta LABek, martxoaren 1eko elkarretaratzean parte har dezaten.