ELA eta LAB sindikatuek Corrugados Azpeitiako lantegien bideragarritasuna aldarrikatu dute

ELA eta LAB sindikatuek honakoa adierazi nahi dugu:
Gallardo Enpresa Taldeari arrazoia emanez, Auzitegi Gorenak emandako epaiaren aurrean gure desadostasunik irmoena adierazi nahi dugu. Azken neurri kolektiboen kontsulta epean gertaturikoa kontutan izan gabe eta benetako errealitateari so egin gabe, Corrugados Azpeitiako langile guztiak eta Corrugados Lasaoko 38 langile kaleratzen dituen neurria ontzat ematen du epai horrek. Hau egun posible bilakatzen da, langileria babesik gabe uzteko helburuaz Estatu Espainiarrak aurrera eraman dituen lan erreformei esker. Erreforma hauek, epai hau bezelakoak eman daitezen ahalbideratzen dute, esparru arrotzetan hartzen diren eta gure industria sarean eragiten duten erabaki bidegabeak.
Honen harira, ezin dugu ahaztu Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak birritan eman digula arrazoi, batetik, Azpeitiako zentruaren langilegoaren zati bat kaleratzen zuen neurria deuseztuz eta bestetik, lan balditzak aldatzen zituen neurri kolektiboa (lanaldiaren handiagotzea eta soldaten murrizketa) bertan behera utziaz, eta bi kasu horietan enpresaren negoziatzeko borondate ezean oinarrituaz.
Errealitate honen aurrean eta Azpeitiako lantokiak ireki eta lanpostuz betetzeko helburuareakin, erabakitasun eta irmotasunez joka dezaten dei egiten diegu gure erakundeei, etorkizun handiko eta erabat bideragarri diren lantokiak izanik eta batez ere, giza baliabide ezin hobea dutenak: gure langileak, zeinak, bidegabeki enpresa honen utzikeria eta zabarkeria pairatu duten, gure eskualdearen industria, etorkizuna eta Azpeitiako herri eta herritarrak inolaz axola ez zaizkion konpainia krudel baten erruz.
Amaitzeko, enpleguaren, langilegoaren eskubide duinen eta Corrugados Azpeitia eta Lasaoko etorkizunaren aldeko gure defentsa, apustua eta borroka aldarrikatu eta berretsi nahi ditugu.
Duintasunez, erabakiortasunez eta erantzukizunez jardun dezagun dei eginez.