ELA eta LAB sindikatuek euskara lan munduan bultzatzeko kanpaina aurkeztu dute Donostian

2004/03/26

Bi sindikatuen ustez, "lan munduan euskarak bizi duen egoera larria dela eta, konpromisoak eta dinamika berriak hartzera behartuta aurkitu dira". Egun normalizaziorako planak abian dituzten enpresen kopurua 100 ingurukoa da bakarrik.

ELA eta LAB sindikatuen ustetan, negoziazio kolektiboak paper garrantzitsua joka dezake euskararen aldeko dinamikak sustatzeko eta honako testu hau aurkeztuko dute negoziazio mahietan:

"Sektore-hitzarmen kolektibo hau sinatu dugunok euskarak lan munduan duen presentzia urria kezkaz egiaztatzen dugu. Hitzarmen honek eragindako enpresa eta langileak kokatuta dauden gizartearen eskari eta bilakaerarekin bat normalkuntza liguistikoaren prozesua gauza dadin, helburu hau betetzeko behar diren neurriak ezartzeko konpromisoa hartu dugu.

Ondorioz hitzarmen kolektibo honek eragiten dien enpresa eta ordezkari sindikalei eskatzen diegu, dagokigun ardura soziala aintzat hartuta, helburu hortarantz daramaten urrats praktikoak egin ditzaten, euskararen erabilpena normaltzeko planei ekinez".