ELA eta LAB sindikatuek lanuzteak deitu dituzte Lanbiden murrizketen aurka
Enplegurako politika aktiboak eskualdatu zirenetik eta, beraz, LANBIDE eratu zenetik hiru urte igaro dira; eta orain, azkenean, aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak lanpostuen zerrendarako proposamen bat autonomiadun erakunderako.
ELA eta LAB sindikatuok salatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren proposamen hori —lanpostuen zerrendakoa—, 3 urte beranduago iritsi delako, erakundea abian jarri zenetik; eta gainera, erabat itxita dagoelako. Izan ere, proposamena dagoen bezala onartuz gero, oraingo plantillako 200 bat langilek galduko zuten beren lanpostua, beste asko lekualdatu beharko ziren derrigorrez, langile gehienentzat lan-baldintzak okertuko ziren, eta finkatzen duen plantilla hori argi eta garbi urriegia izango zen.
Horregatik exijitzen dute proposamen hori erretiratzeko, eta negoziazioa hasieratik hasteko; zeren, hauen ustez, aurkeztu dieten zirriborroa ezin da abiapuntutzat hartu:
-
Finkatu nahi den lanpostuen zerrendak postu-kopuru urriegia duelako, herritarrei zerbitzu egokia eskaini ahal izateko.
-
Dakarren ondorioa 200 langile kaleratzea delako. Langile horiek, oso beharrezkoak izan arren, kontratuaren amaieran kaleratu nahi dituzte; eta hori guztiz desegokia iruditzen zaigu.
-
Langile gehienentzat soldata-jaitsiera proposatzen duelako.
-
Langile askorentzat lekualdatzea ekarriko zuelako. Eta oinarri hartzen diren irizpideak onartezinak dira.
-
Azkenik, esleitu nahi diren jabetzapeko postuek hurrengo ondorioak dakartzatelako beren baitan: eginkizun-aldaketak, soldata-igoerak, lanpostuz aldatzea, eta are kategoriaz ere aldatzea... Eta hori guztia nahierara, inolako legezko prozedurari jarraitu gabe.
"Gobernuak bere proposamena erretiratzeari uko egin dionez, eta ezarri nahi dituzten neurriak larriak direnez, ez dugu besterik mobilizazioak eta lanuzteak egitera deitzea baino, langileen iritzia kontuan hartzea nahi badugu, behintzat". Hori horrela, hilaren 31n elkarretaratzeak egingo dituzte lantoki guztietan. Azaroaren 4an ordubeteko lanuztea egingo dute, eta azaroaren 11n egun osoko greba.
ELA eta LAB sindikatuek oso zorrotz ekingo diotela negoziazioari adierazi dute. " Ez dugu alde batera uzten presio-neurriak areagotu behar izatea, gobernuak ez badu aldatzen bere ikusmoldea, eta langileen batzarrak hala erabakitzen badu".